Arantzazun Txillardegiren omenezko plaka bat jarriko dute, udalaren adostasunez

Milikua ostatuaren horman jarriko dute ikurra, bihar; hara sarri joaten zen Txillardegi. Oñatiko Udalak aho batez erabaki zuen plaka hori ipintzea

Horma irudi bat inauguratu zuten urtarrilean Donostian. JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Euskara batua sortzeko Arantzazuko biltzarra egin zutela 50 urte betetzear direla, Oñatiko Udalak omenaldia egingo dio bihar Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari. Plaka bat jarriko dute Arantzazun, Milikua ostatuaren horman. Txillardegi Liburutegia herri ekimenak eskatu zion gisa horretako keinu bat egiteko Oñatiko Udalari, eta eskaria aho batez onartu zuen udalbatzak, EH Bilduko eta EAJko zinegotzien botoekin. Bihar iluntzean inauguratuko dute plaka, 19:00etan, ekitaldi batekin. Oñatikoa pauso garrantzitsutzat jo du Txillardegiren aldeko taldeak, eta «konbentzituta» azaldu da urrats gehiago izango direla Donostian ere, Txillardegiren jaioterrian, euskararen alde egindako lana goraipatzeko.

Datorren astean kongresu bat egingo dute Arantzazun, Euskaltzaindiak antolatuta, 1968ko biltzarra gogoan hartuta. Herri ekimeneko ordezkariek nabarmendu dute Txillardegi dela euskara batuaren «gurasoetako» bat. Arantzazuko batzarraren aurretik, 1964an, Baionan bildu ziren euskara batua sortzeko urratsak egiteko, eta Txillardegi izan zen bultzatzaile nagusia. Arantzazuko biltzarra ere gertutik segitu zuen, nahiz ez zuen parte hartu.

Oñatiko Udalak maiatzeko bilkuran erabaki zuen plaka jartzea. Euskara batua sortzeko egindako lana goraipatzearekin batera, nabarmendu zuten Txillardegik harremana izan zuela herriarekin. Batetik, Arantzazun egonaldiak egin ohi zituen; Milikua ostatura joan ohi zen, eta horregatik jarriko dute han plaka. Bestetik, familiari dagokionez ere bazeukan harremana, amaren aldetik Araotz auzoan baitzituen erroak.

Dokumentala eta hitzaldia

Bihar iluntzean egingo dute plaka jartzeko ekitaldia Arantzazun, baina aurretik, gaur iluntzean, Txillardegi nor izan zen azalduko dute Oñatiko kultur etxean. Batetik, Txillardegiren egunkari ezkutua dokumentalaren aurrerapena emango dute; Kote Camachok zuzendu du. Bestetik, Fito Rodriguezek hitzaldi bat emango du dokumentalaren ostean; Txillardegi aitzindaria izenburua du hitzaldiak. 19:00etan hasiko dute dokumentalaren emanaldia.

Biharko ere 19:00etan jarri dute hitzordua. Mikel Arregi eskultoreak diseinatutako plaka bat jarriko dute. Ekitaldian izango da, besteak beste, Mikel Biain Oñatiko alkatea. Herri ekimenak nabarmendu du Oñatiko Udala dela lehen erakundea Txillardegiri «merezi» duen aitortza egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.