Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldien lehen edizioa aurkeztu du ArantzazuLab-ek Bilboko Euskalduna jauregian. Hain zuzen, eraikin hartan eta Arantzazulab-en egoitzan (Oñati, Gipuzkoa) egingo dituzte, urriaren 9tik 11ra bitarte. Jardunaldietan, Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait aditu elkartuko dira, «demokrazia indartzeko erronka konplexuen» aldean martxan jarri beharreko berrikuntzez hausnartzeko.
Arantzazulab «demokrazian sakontzeko eta lankidetzazko gobernantzaren alorrean» ikertzeko eratutako esperimentazio gunea da, eta lan horretan «mugarritzat» jo dituzte urriko jardunaldiak. Hala azaldu du laborategiko zuzendari nagusi Naiara Goiak: «Azken urteetako gure praktikan eta ikerketa lanean jauzi bat egin eta orain arteko ikasketak gizarteratzeko baliatu nahi dugu».
Goiak azaldu du «lankidetzazko gobernantzaren beharra» adieraztea dela jardunaldien xedea, «demokraziaren krisiaren alternatiba gisa». Izan ere, uste du erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harreman eredua aldatu beharra dagoela: «Hurbilpen berritzaileak, ikuspegi estrategikoa, lidergo eraldatzaile eta erlazionala, maila politiko goreneko konpromiso irmoa eta lankidetza eredu berriak behar dituzte agenda publikoaren erronkei modu kolektiboan aurre egiteko».
Hala, jardunaldiek aurrez aurre duten erronka ez da makala. Haietan, gaia eztabaida publikora eramatearekin batera, demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutu eta «eraldaketara inspirazioak» jaso nahi dituzte. «Gogoeta partekaturako espazio» gisa irudikatu dute, horiek Arantzazulab-en jardunarekin lotuz.
Aurkezpen ekitaldian, Goiak beste zenbait ordezkariren babesa ere jaso du. Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariak ere ideia bera nabarmendu baitu: «Ez dago elkarbizitzarik demokraziarik gabe». Eta horrek, haren esanetan, komunitatea indartzea eskatzen du, demokraziak sakonduz, erakundeak indartuz eta herritarren parte hartzea sustatuz.
Oñatiko alkate Izaro Elorzaren esanetan, berriz, erronka berriei «gobernantzarako modu berriekin» erantzun behar zaie, herritarren partaidetzarako espazioak sortuz. Edo haratago jo du Julen Mendoza Ko-garri gizarte berrikuntzaren alorreko aholkularitza zerbitzuko arduradunak, bi aukeraren artean hautatu beharra dagoela adieraziz: «populismoak eraikitako ordena baterako bidea» edo «demokrazian sakontzen eta herritarren ahalduntzean oinarrituko den ordena berri bat».
«Euskal balioen sistema»
Auzi horiek Arantzazulab-en lanarekin lotuz, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta EAJko legebiltzarkide Xabier Barandiaranek indar egin du «euskal balioen sistemak» demokraziaren inguruko debateetan egin dezakeen ekarpena ikertzean: «Demokrazia indartzeko lankidetzazko gobernantzak gure testuinguruan zer esan nahi duen eta nola garatzen den sakontzen jarraitu behar dugu».
Jardunaldian Euskal Herriko zein nazioarteko adituak arituko dira hizlari. Hala nola euskal herritarren artean dira Xabier Barandiaran, Miren Larrea Orkestrako ikertzailea eta Antonio Casado EHUkoa. Nazioarteko gonbidatuen artean dira, berriz, Canberrako Unibertsitateko Soziologia Politikoko irakasle Nicole Curato, Londresko Arte Unibertsitateko irakasle Lucy Kimbell, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Paolo Gerbaudo eta Kanadako Reos Partners erakundeko zuzendari Adam Kahane. Jardunaldietan izena emateko epea irailaren 24ra arte dago irekita.