UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak beste bi kide ditu: Arano eta Lekunberri (Nafarroa). Bi herrietako udalek atzo egin zituzten osoko bilkurak, eta baiezkoa eman zioten mankomunitatera batzeko proposamenari. UEMAk abenduaren 14an egingo du batzar nagusia, Zarautzen, eta han onartuko dute bi kide berriek bat egitea.
UEMAk nabarmendu duenez, Arano «euskararen arnasgune trinkoenetako bat» da. Nafarroa iparraldeko herri hartan, herritarren %92,2 dira euskaldunak. Egun, 116 biztanle ditu Aranok, eta udaleko bost zinegotziek ─denak Herri Aierriz taldekoak─ aho batez hartu zuten mankomunitatera batzeko erabakia.
Lekunberrin, zinegotzi guztiak ez zeuden ados erabakiarekin, baina gehiengo osoa lortu zuten: EH Bilduko bost zinegotziek egin zuten UEMAra batzearen alde, eta Lekunberri Taldeko hiruk kontra bozkatu zuten ─lau dira─. Lekunberrik 1.502 biztanle ditu, eta horien %76,6 dira euskaldunak. UEMAk azaldu du, ordea, azken hamarraldian gora doala ezagutza maila. Halere, udalak «erabilera hauspotzeko» beharra ikusi du.
Abenduaren 14ko batzarrean onartuko du UEMAk Arano eta Lekunberri mankomunitatera batzea. Bilera horretan, 2024ko balantzea eta 2025erako egitasmoak onartzeko eztabaida ere izango dute. Zarauzko Modelo aretoan izango da, 10:00etan. Behin bilkura amaituta, beraz, 113 udalerri izango dira UEMAko kide; 348.000 lagun inguru bizi dira horietan.