Parisko Kasazio Gorteak ez du onartu Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren helegitea eta, ondorioz, ontzat ematen du Espainiak egindako euroagindu eskaria. Aranalde 1946an sortu zen Gaztelun, Gipuzkoan. Frantziako Poliziak 2013ko ekainaren 24an atxilotu zuen Jokin Aranalde Heletan (Lapurdi), Miarritzen egindako Herria dugu Arnas ekitalditik astebetera. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 12an plazaratu zuen mintzaideen zerrenda, eta horretan ageri zen Aranalde.
Euroaginduaren prozedurari jarraikiz, Parisko Kasazio Gortearen erabakiak ez du helegiterik onartzen. Amaia Errekarte defentsa abokatuak jakinarazi duenaren arabera, Paueko prokuradore nagusiak hamar eguneko epea du Aranalderen Espainiaratzea gauzatzeko. Auzitegiak erabakia helarazi die abokatuei baina hiru aste ditu horren oinarriak jakinarazteko.
Parisko Kasazio Gorteak urriaren 24an plazaratu behar zuen Aranalderen aurkako auziko ebazpena baina arrazoirik eman gabe, atzora arte atzeratzea deliberatu zuen. Epaiketan berean Aranaldek azaldu zuen Espainiako poliziak 2002an atxilotu zuela Tolosan (Gipuzkoa), Baltasar Garzon epailearen aginduz. Hirugarren atxiloketa zuela erran zion Aranaldek epaileari, eta azken horretan jasandako torturak beldurturik, ihes egitea deliberatu zuela jakinarazi zion. «Azken 50 urteotan Espainiak torturatu dituen 7.000 euskal herritarretatik bat nauzu» erran zion epaileari. Gisa berean, erran zion bizi arrunta egiten zuela Ipar Euskal Herrian, eta alaba bisitatzera joaten zela espetxera.
Aranalde kanporatzea onartu du Kasazio Gorteak
Prokuradoreak hamar egun ditu Aranalderen Espainiaratzeko, helegitea baztertu ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu