Aranalde espetxeratzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren mintzaidetzako kideari «ETArekin kolaboratzea» leporatzen dio Fernando Andreu epaileak

Hendaian atzo arratsaldean eginiko elkarretaratzea. BOB EDME.
Erredakzioa
2014ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Jokin Aranalde EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidetzako kidea espetxeratzeko agindu du Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Herenegun atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Baionatik gertu, Auzitegi Nazionalak 2013an igorritako euroagindu bat beteta. Auzitegi Nazionalak ez du jakinarazi espetxeratze aginduaren autoa; Efe berri agentziaren arabera, «ETArekin kolaboratzea» leporatzen dio Andreuk Aranalderi (Gaztelu, Gipuzkoa, 68 urte); zehazki, 2000 eta 2003.urteen artean erakunde armatuarentzako kideak lortzea.

Aranalderen espetxeratzea salatzeko eta euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean Ibarran (Gipuzkoa), Hendaiako Kasino zaharrean (Lapurdi) eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen aitzinean.

Espainiako Justiziak Frantziakoari bidalitako euroagindu batean oinarrituta atxilotu dute Aranalde, bigarrengoz. Frantziako Poliziak iazko ekainaren 24an atxiki zuen lehen aldiz, Heletan (Lapurdi), Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean egindako Herria Dugu Arnas ekitaldiaren ondotik atxilotu zuten Aranalde.

Irailean, Aranalderen aurkako euroagindua onartu zuen Paueko Dei Auzitegiak, eta urrian onartu zuen hura Espainiaratzea Parisko Kasazio Gorteak. Erabaki hori ikusirik, «intsumisioa» hautatu zuen Aranaldek, eta ezkutatu egin zen. Adierazi zuen Espainiaratzeko agindua «auzi politiko» baten ondorio zela, eta gogoratu zuen Espainiako polizien esku torturatua izan dela bai frankismo garaian eta bai ondoren ere atxilotu izan duten beste guztietan.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bat egin zuen Aranalderen jarrerarekin, eta babesa adierazi zion. Ipar Euskal Herriko 50 eragilek baino gehiagok izenpetu zuten haren aldeko agiria.

Zortzi hilabeteez ezkutuan egin ondoren, ekainaren 14an, Baionan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eginiko manifestazioaren ostean, hasi zen «bizitza normala» egiten, EIPK-k komunikabideetara bidalitako oharrean zehazten duenez.

Ohar horretan, iheslarien kolektiboak gogor salatu du Aranalderen atxiloketa eta espetxeratzea, eta eskatu du bertan behera uzteko «modu berezian» euskal iheslarien aurka erabiltzen diren neurri juridikoak, euroaginduak bereziki. Ekaineko Baionako manifestazioa antolatu zuen Ni ere banoa kolektiboak ere galdegin du Aranalde «berehala» aske uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.