Aramendiri «bizi osorako zigorra» jarri diotela salatu dute

Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Alaitz Aramendi presoaren egoera salatzeko asmoz, Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera kanpaina abiatuko du Sare mugimendu herritarrak. 7/2003 eta 7/2014 legeak aplikatzearen ondorioz sortutako egoera salatzea da kanpainaren asmoa. Izan ere, lege horien atzean «bizi osorako zigor ezkutukoa» dagoela adierazi du Sarek: «Giza eskubideen aurkakoak dira».

Egun, Zaballako espetxean (Araba) dago Aramendi. Frantziako Poliziak Cahorsen (Frantzia) atxilotu zuen, 2007ko irailean, eta berrogehi urteko zigorra ezarri zioten.

Zigor hori, «bizi osorako kondena ezkutukoa» dela salatu duSarek, eta horren atzean «kalte psikologiko eta fisikoak» daudela nabarmendu dute: «Lege hau ez dator bat bere burua demokratikotzat eta zuzenbidekotzat duen estatu batekin».

Frantziako kartzeletan 13 urte pasatu ostean, iaz Espainiaratu zuten, eta, orain, 7/2014 legearen ondorioz, berriro ere bete egin beharko du, kondena delitu bera egotzita: «Ezarritako zigorrak baliokideak izan beharko lirateke, baina, lege honen ondorioz, Alaitzek betetako zigorra ez da Espainian ezarritakora batu».

Salbuespenezko politika horiek amaitzeko eta 7/2003 eta 7/2014 legeak bertan behera uzteko lan egin dezatela eskatu die Sarek alderdi politikoei. «Giza eskubideez eta pertsonen biziaz hitz egiten ari baikara», gaineratu dute.

Kasu gehiago

Bi lege horiek aplikatzen zaizkien beste 50 euskal preso daudela ere salatu dute: «Azken urteetan pozgarriak eta esperantzagarriak diren hainbat urrats eta aldaketa ikusten ari bagara ere, oraindik salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkie euskal presoei». Aramendiren kasuan, gainera, emakume izateagatik zigor «are gogorragoa» jasaten ari dela adierazi dute: «Epai judizialaz gain, espetxe sistema patriarkalaren baitako epai moralari aurre egin behar die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.