Ingurumena

Aralarren mendi pistak irekitzeko asmoa dagoela salatu dute

Aralar Bizirik eta Naturkon taldeek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Aldundiak bideak zabaldu nahi ditu Ausa Gaztelu mendiaren magalean. Gogor kritikatu dute asmoa, «sekulako eragina» izanen baitu ingurumenean.

jarraia216161.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko uztailaren 19a
19:26
Entzun

Aralar natur parkea jomugan da gaur-gaurkoz, Aralar Bizirik eta Naturkon taldeek ohartarazi dutenez. Izan ere, bi plataformek jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi pistak ireki nahi dituela Ausa Gaztelu mendiaren magalean; Abaltzisketako lur eremuan, zehazki. Erabakiak sumindu egin ditu hainbat herritar.

Taldeok ohar bat plazaratu dute aldundiaren asmoaren berri emateko eta hari kontra egiteko. Argitaratutako idazkian adierazi dutenez, pista sarearen %90 natur parkeko babes barrutian dago, eta bide horiek «sekulako eragina» izanen dute ingurumenean.

Hain zuzen, azaldu dute pista horiek helburu argiak dituztela: Abaltzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea. Halaber, kritikatu dute aldundiak argudio herrenak erabili dituztela bide horien zabaltzea justifikatzeko. «Esaten da abeltzainek ezin dituztela Txindoki eta Ausa Gaztelurako oinezko bideak erabili, mendizale asko eta txakur solteak dabiltzalako. Baieztapen horrekin, mendizaleen eta abeltzainen artean izandako bizikidetza ona gutxiesten da, eta, guztiona den mendian, elkarbizitza ezinbestekoa da», zehaztu dute, eta hau gaineratu: «Pista sarearen helburua zuhaiztiak badira, zertara dator txakur eta oinezkoen kontu hau?».

Kalte nabarmenak

Aralar Bizirik eta Naturkon taldeek hiru ideiatan laburbildu dute Aralarren bideak irekitzeak ekarriko duen kaltea. Batetik, azaldu dute lan horiek areagotu eginen dutela lurzoruaren higadura: «%12 galduko da, gutxienez». Bestalde, zehaztu dute kutsadura areagotzea ere ekarriko dutela pistek; zaldibiarrentzat izanen da batik bat kaltegarri, ur edangarriari dagokionez. Halaber, erantsi dute aldundiak ez duela aintzat hartu animaliengan izanen duen eragina ere: «Ez da kontuan izan baso saguzarra, zeina galtzeko arriskuan dagoen».

Problemaren larritasuna ahalik eta jende gehienari azaltze aldera, bi taldeek mendi ibilaldia antolatu dute irailaren 18rako, ingurumariak behatzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.