Aralarrek nabarmendu du UPNren agintaldiko «urterik txarrena» izan dela 2012a

Txentxo Jimenezen arabera, PPri men egitea da UPNren bide bakarra, eta PSNri jarrera argitzeko eskatu dio

joxerra senar
Iruñea
2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«UPNren gobernu sasoia amaitu da». Txentxo Jimenez NaBaiko parlamentari eta Aralarreko zuzendaritzako kideak 2012aren oso balantze kritikoa egin du, Patxi Zabaleta eta Asun Fernandez Garaialde alderdikideekin batera. Haren irudiko, UPNren agintaldiko «urterik txarrena» izan da amaitu berri dena. Norabiderik gabe antzematen du UPN alderdia eta haren buruzagi gorena, Yolanda Barcina. «PPri men egitea» leporatu dio. Aralarren irudiko, UPN ez da gai «Nafarroatik eta Nafarroarako» krisiari aurre egiteko politikak egiteko. «Non geratu da ustezko foraltasuna? Oso latza da gobernu batek bere legeak ez betetzea, autogobernua ez betetzea».

Txentxo Jimenezen analisiaren arabera, UPNren eredu politikoa gain behera doa, eta horren beldur dira alderdiko buruzagiak. «Gobernua sostengatzeko behar izan dituzten elementu ilunak agerian geratzeari beldurra diote. Gauza asko argitu beharko lirateke, eta beldurra diote argitasunari».

Alde ilun horietako bat da Nafarroako Kutxa. Patxi Zabaletaren arabera, «klientelismoan» eta argitasun faltan oinarritutako gestioa gailendu da. Horregatik, gestio horri babesa ematea leporatu dio PSNri. Parlamentari sozialisten botoak orain arte erabakigarriak izan dira ikerketa batzordeak atzera botatzeko orduan. «Euren botoak UPNren mesedetara jarri dituzte eta CANeko ikerketa batzordea galarazi dute».

Dena den, Aralarrek PSNri bere bide politikoa argitzeko eskatu dio. PSN ekainean gobernutik ateratzea, azaroan aurrekontuan atzera botatzea zein beste neurri batzuetan oposizioarekin bat egitea pozgarria dela iritzi arren, gogora ekarri dute beste hainbat auzitan UPNrekin bat egiten jarraitzen duela: adibidez, zerga politikaren funtsan. 2013an jarrera argitu dezala exijitu dio.

Era berean, nahiz eta urtea latza izan, Aralarrek nabarmendu du «emankorra» ere izan dela. «Indar independentista eta ezkerrekoen arteko elkarlanerako akordio estrategikoa gauzatu da, eta horrek aldaketarako tresna garrantzitsua jartzen du herritarren eskuetan».

PSN: «2013a, urte gogorra»

Roberto Jimenezen arabera, 2013a «zaila eta gogorra dator» eta politikariak hori leuntzen ahalegindu behar lirateke. PSNko idazkari nagusiaren arabera, Nafarroak bere autogobernuaren bitartez baditu erremintak. Jimenezek, esate baterako, gobernuari eskatu dio defizitaren helburua betetzeko malgutasuna izatea. «Defizitaren helburua beranduago lor liteke, eta prezio zuhur batean denbora irabazi liteke. Diru hori ekonomia eta enplegua sustatzeko erabil daiteke», azaldu du.

UPNren gobernuaren jokamoldea kritikatu du. HAren ustez, «ahul dago», bide orririk ez du, eta herritarren bizkar gobernatzen du. Parlamentuaren erabakiei muzin egitea leporatu dio Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.