Aralarrek argi utzi du NaBai ez dela aurkeztuko Espainiako bozetara

Zabaltzeneko kideek diote bozetan parte hartuko dutela, «NaBairen eraikinak oinarri izan zituen printzipio eta balio berekin»Txentxo Jimenez Aralarrekoak egoera berria arduraz kudeatzeko deia egin du

Asun Fernandez Garaialde eta Txentxo Jimenez, atzo. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Joseba Oiz - Edurne Elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroa Bai ez da izanen azaroaren 20ko hauteskundeetan. Horixe erran du, argi eta garbi, Aralarreko Nafarroako koordinatzaile Txentxo Jimenezek. Kazetarien aurrean agertu zen atzo, alderdi bereko kide Asun Fernandez Garaialderekin batera. NaBai bozetara ez dela aurkeztuko eta ondorioz EAJk eta Zabaltzenek «bertzelako formulak» bilatu beharko dituztela zehaztu zuen.

Zabaltzenek atzo bertan eman zuen bere erantzuna, agerraldia egin baitzuten sortu berri den elkarte horretako kide Koldo Martinezek eta Jokin Castiellak. Martinezek iragarri zuen Zabaltzenek parte hartuko duela azaroko hauteskundeetan: «NaBairen eraikinak oinarri izan zituen printzipio eta balio berak defendatuko ditugu», erran zuen.

Azken asteotako bilerek eta erabakiek eragin duten egoera berria arduraz kudeatzeko beharra azpimarratu zuen Jimenezek atzoko agerraldian, «NaBai 2011ri kalte egin ez diezaion». Maiatzeko hauteskundeetan zortzi parlamentari lortu zituen Aralarren, EAJren eta independenteen arteko koalizioak.

Azaroan ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin bat eginen du Aralarrek. «Pena da EAJk eta independenteek ezezkoa eman izana», erran zuen Aralarreko Nafarroako koordinatzaileak. Haren hitzetan, egungo errealitateak urratsak egitera behartzen ditu alderdiak, «normalizazioaren eta bakegintzaren alde». Horregatik, Jimenezentzat ulertzen zaila da «independenteek eta EAJk bakegintzarekin eta normalizazioarekin konpromiso estuagoa hartu nahi ez izatea».

Jimenezek nabarmendu zuen azken hilabeteotan «gauza anitz gertatu» dela Aralarrek Bildurekin koalizioa osatzeko erabakia har dezan. Batetik, UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa aipatu zuen Jimenezek. «Hori ikusita, zaila da aldaketa lortzeko NaBairen eta PSNren arteko hitzarmena egiteko aukerari eustea». Bertzetik, Aralarren eta ezker abertzalearen, EAren zein Alternatibaren arteko lankidetzak etorkizun handia duela uste du Jimenezek, eta Nafarroako Parlamentuan izan beharko luke isla, haren ustez, NaBai 2011ren eta beste hiruren elkarlana bultzatuz. «Nafarroan lehen indarra izateko ateak zabaldu dira».

Zabaltzen, hauteskundeetan

Bertzalde, Zabaltzenek, NaBaiko independentez osatutako elkarteak, azaroko hauteskundeetara NaBairen balioekin aurkeztuko dela baieztatu du. «Zabaltzenek ez dio inolako koaliziori ezetzik erran, Nafarroa Bairen oinarrien eta helburuen alde gauden guztiok aurtengo bozetara elkarrekin joanen baikara», esan zuen Koldo Martinezek, elkarteko kideak.

Zabaltzenek gonbidapena egin die indar politiko guztiei beren proiektura batzeko eta «eskuinari aurre egiteko». Martinezek eta Jokin Castiellak, atzo emandako prentsaurrekoan, onartu zuten ideia horiek defendatzen dituen programa bat prestatzen ari direla bozetarako.

Koalizio bat egiteko, baina, bi alderdi behar dira gutxienez. Horregatik, falta zaien alderdi horren bila dabiltzala adierazi zuen Martinezek: «Lanean ari gara, baina ziur egon aurtengo bozetara koalizioan aurkeztuko garela». Horren harira, jeltzaleen jarrera ere babestu zuen. «EAJk Nafarroa Bai defendatu eta koalizioa sortu zeneko oinarriak babesten jarraitzen du», haren aburuz.

Zabaltzeneko kideak argi utzi zuen ez dutela bloke politikarik eginen: «Ez ditugu baztertze politikak egingo; ez gaude inor kanpoan uztearen alde». Izan ere, EA eta Aralar alderdien jarrera «arduragabea» kritikatu zuen: «Ematen du euskaldunoi eragiten dizkiguten gaiez bakarrik hitz egitera joan nahi dutela Madrilera, eta hori kontu zaharra da». Martinezek azpimarratu zuen krisi garaian solastatzeko gai gehiago daudela, eta EA eta Aralarren jarrera kritikatu zuen.

NaBaiko independenteak bozetara aurkezteko koalizioaren beharrean dauden bitartean, Aralarrek argi utzi du Nafarroa Bairen izenpean ez direla aurkeztuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.