Aralarko pistak

Aralarko pistengatik auzipetuen agerraldia salatu du Aralar Bizirik plataformak

Ekologistek adierazi dute udal ordezkariak "ingurumen legediaren aurka bozkatzeagatik" daudela auzipetuta.

Enirio-Aralarko pistak direla ta, auzipetuen agerraldia. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU.
Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 31
12:54
Entzun

Enirio-Aralar Mankomunitatean «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela salatu zuten atzo bertako zazpi udal ordezkarik, prentsaurrekoan. EHNE eta Enba sindikatuen eta Aralarko Baserritarren Elkartearen babesa izan zuten mendiko pistengatik auzipetutakoek. Agerraldiari erantzunez, ordea, Aralar Bizirik plataformak salatu du ordezkariek bazekitela zein zen egoera, eta halere aurrera egitea erabaki zutela: "Auziperatuek botoa eman zuten momentuan bazekiten lehen pista proiektua epaitegietan zegoela, legez kanpokoa izan zitekeelako, eta hala ere bigarren pistaren aldeko botoa eman zuten. Horregatik daude auzipetuta, ingurumen legediaren aurka bozkatzeagatik".

Mankomunitateko ordezkarien gehiengoak babestu zituen Eniriotik Igaratzara pista egiteko lanak. Ekologistek, ordea, baiezkoa eman zuten zazpi hautetsiak salatu zituzten —EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente—; tartean mankomunitateko presidentea. Izan ere, Aralar Bizirik plataformaren arabera, Aralarren eginiko obra ez da "mendi bideak egokitzea", auzipetuek adierazi bezala. Izan ere, 2018an hasi zituzten lanen ondorioz, oinezkoen "bidetxur" bat zegoen lekuan "hiru metroko zabalerako pistatzarra" eraiki dela salatu dute. Plataformak gehitu du udal ordezkariak legediaren jakitun zirela, eta antolamendu planaren aurkako erabakiak hartzeko hautua egin zutela. Gainera, auzipetuetako batzuk "beraien interesen" aldeko botoa eman zutela kritikatu du, tartean abeltzainak daudela nabarmenduta.

Auzipetuek urtarrilean joan beharko dute Tolosako epaitegira (Gipuzkoa), epailearen aurrean deklaratzeko. Horrek dakartzan gastuen kargu egiteko eskatu diote mankomunitateari, erantzunik jaso gabe. Ekologisten esanetan, ordea, diru laguntzak naturguneen zaintza eta kontserbazioaren aldeko politiketara bideratu beharko lirateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.