Aralarko parke naturalean egin nahi dituzten pisten aurka Eguzki taldeak eta Landarlan erakundeak jarritako salaketa behin-behinean artxibatu du Tolosako epaitegiak, Gipuzkoako Foru aldundiak jakinarazi duenez. Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu du epaitegiaren autoak «irmo» azaltzen duela joan den agintaldian departamentuak egindako jardueretan «legezko baldintza guztiak bete» zituztela eta «naturguneak babesteko indarrean zeuden arau guztiak errespetatu» zituztela. Diputazioaren arabera, «Intzansaotik Goroskintxurako txabolen sarbideak antolatu eta zaharberritzeko proiektuaren» barruan sartzen dira lan horiek, eta «inguruko artzainen baldintza guztiak hobetzeko» helburu jakina dute.
Larrañagaren hitzetan, autoak egiaztatu du hartutako erabakiak ezin direla arbitrariotzat jo. Proiektua onartzeko prozedura «indarrean dagoen legeriari egokitu» zitzaiola azaldu du, eta «beti» gauzatu zela «ingurumena zaintzeko plan batekin batera». Gainera, Tolosako Epaitegiaren jarduna nabarmendu du azpimarratuta lan horiek onartu aurretik «Mankomunitateak parte hartu zuen batzar nagusi ugari» egin zituela, «elkarte ekologistei kontsulta ugari» egin zizkiela, eta «iritzi publikoari buruzko azalpen ugari» eman zituela .
Tolosako epaitegiaren prozesatze autoak adierazi du ez dela gertatu «ingurumenean eragina izan duen ondorio kaltegarririk edo nabarmenik». Larrañagaren iritzian, pista horiek «funtsezkoak» izan dira «Aralarren inguruan bizi eta lan egiten dutenen baldintza guztiak duintzeko». Azpimarratu du, aldi berean, egindako lan guztiak Aralar «goi mendiko habitat» gisa kontserbatzen lagundu duela, «inguruko larreen mantentze lana sustatuz, abeltzainen kudeaketa iraunkorra eta egokia sendotuz, eta mendizaleen eta mendiaz eta naturaz gozatzen duten beste erabiltzaile batzuen segurtasuna hobetuz».
Gipuzkoako Enba nekazari sindikatua «pozik» agertu da epaitegiaren erabakiarekin, eta jarriak dituzten gainontzeko salaketak kentzeko eskatu die Eguzkiri eta Landarlani.
Aralarko pisten aurka jarritako salaketa artxibatuta, behin-behinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu