Enirio-Aralar Mankomunitatean «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela salatu dute zazpi udal ordezkarik. Atzo prentsaurreko bat eman zuten, egoera ezagutarazteko, Aloña Urretabizkaiak, Iñigo Olanok, Elena Ruizek, Ainhoa Zuriarrainek, Aitor Altunak, Jon Zubizarretak eta Jose Miguel Santamariak, mankomunitatean udal ordezkari izan zirenak. Bertan egon dira EHNE eta ENBA sindikatuak eta Aralarko Baserritarren Elkartea ere. «Bozketa batengatik» auzipetu dituztela ziurtatu dute, eta hori ezin dela onartu: «Demokratikoki hartutako erabakiak gustuko ez izan eta horien zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez da onargarria».
2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara pista egiteko lanak, eta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen gehiengoak babestu zituen. Eguzki talde ekologistak eta Landarlan ingurumen elkarteak pisten alde bozkatu zutenak salatu zituzten, zazpi guztira EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente, tartean baita mankomunitateko presidentea ere. Ustez ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak egitea egotzi zieten. Ondorioz, urtarrilean deklaratu beharko dute Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian. Auzipetuek diote «bidea egokitzeko» lanen prozesu administratiboan ez dela «kontrako txosten tekniko edo juridikorik izan».
«Babesik ez» dutela ikusita, azpimarratu dute bitan eskatu diotela laguntza mankomunitateko lehendakariari, auzipetuen defentsa juridikoaren kostuak mankomunitateak bere gain hartzeko eskatuz. Nabarmendu dute horren erantzunik ez dutela jaso. Maiatzeko bozetatik, EH Bilduren esku daude mankomunitatearen lehendakaritza eta gehiengoa.
Aralarko pisten alde bozkatzeagatik auzipetzea «injustizia» dela diote
Zazpi udal ordezkarik diote Aralarko «mendi bideak egokitzeagatik» auzipetu dituztela. Urtarrilean deklaratuko dute Tolosako epaitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu