Aralarko «bihotzean»mendi bidea eraikiko dutela salatu dute

Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Diputazioak gauzatuko dute proiektua. Naturkon plataforma ekologista lanen aurka agertu da

Maider Galardi
Donostia
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aralar mendilerroaren «bihotzetik» igaroko den mendi pista bat egin nahi dutela salatu zuen atzo Naturkon Gipuzkoako talde naturzale eta ekologisten koordinakundeak. Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eramango dute aurrera proiektua. Bidea babes bereziko eremutik pasatuko da, Saltarrirantz. Neurriak ere eman zituzten: lau kilometro eta erdiko errepidea izango da, eta hiru metro eta erdi zabal.

Ekinbidea ez gizarteratzea egotzi die plataformak bi erakundeei; «Proiektua ostiralera arte erakusgai egon bada ere eta elkarte interesatuei informazioa helarazi bazaie ere, komunikabideetan ez dute informaziorik zabaldu, eta herritarrek ez dute proiektuaren berri izan». Informazio iturri bakarra foru aldundiaren webgunea dela ohartarazi dute, eta —dokumentua «nekez» aurkitu ostean— informazio gehiena gaztelaniaz dagoela salatu dute.

Bi jardunen arteko oreka

Gipuzkoako Diputazioak azaldu du proiektua mankomunitatearekin egindako hitzarmenaren barruan dagoela. Aralarrek historikoki artzaintzarako joera izan duela azpimarratu dute, eta pistaren helburua egun jardunean diharduten artzainei txaboletara joateko bidea erraztea izango dela. Proiektua dagokion legedia betez egingo dutela berretsi dute, «ingurumena errespetatuz».

Ez dira iritzi berekoak Naturkoneko kideak. «Abeltzaintza estentsiboa larreak ongi kontserbatzeko oinarrizko tresna» dela adierazi dute, eta «esker ona adierazi» diete artzainei. Baina, eremua natur babesgunea izanik, «mendiaz gozatzeko aukera» denek eduki behar dutela esan dute. Horregatik, bide azpiegituren plana eratzea proposatu dute abeltzainen eta interesa duten beste eragileen ekarpenekin. Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak hala agintzen duela gaineratu dute.

Ingurumenean «eragin handia» izango duela esan dute ekologistek: «Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zaio, banakako ebaluazioa egin ordez». Ondorioz, ez da egingo azterketa geoteknikorik eremua aztertzeko: «lurzorua karstikoa da, eta leize eta galeriekin egin dezakete topo». Lurzoruan higidura eragin dezakete obrek, eta Europako Batasuneko intereseko habitatak honda ditzakete.

Asteartean egin zuten bilera Naturkon plataformak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak. Ekologistek eskatu zuten bertan behera uzteko mendi bidearen proiektua, eta garatzeko Aralarko ondare natural eta kulturala bermatzeko irizpideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.