Pastor

Aragones ateoaren zerua

2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Haxixa erre duzu inoiz? Fededuna zara? Zure sexu bereko lagunekin oheratu zara? Kataluniako bozetako hautagaiei eginiko elkarrizketa sorta kaleratu du La Vanguardia egunkariak. Galderak nahiko pertsonalak izan dira, politikarien arlo intimoa jorratzen dutenak. Gizatiar bihurtzeko eta, bide batez, ikuskizunaren gizartea eraikitzen segitzeko. 

«Heriotzaren ostean, zer?», galdetu diote Pere Aragonesi. «Ezer ez. Bataiatu ninduen apaizaren laguna naiz… baina ni ateoa naiz». Salvador Illa sozialista, aldiz, fededuna da. Goizero errezatzen du: aitagurea eta hark bere buruarentzat sortu duen «otoitz berezi bat». 

Zenbat buru, hainbat aburu. Zenbat pentsaera, hainbat jokaera. Zerua lurra duela aitortu du Aragonesek. Lurra zeruan ere baduela esan du Illak. Zein izan da ausartena? Nire ustez, errespetagarriak dira bien azalpenak. Eta laudatzekoak. Norberak jakingo du zerua edo lurra, zer eta non duen. Aragonesek errazago zuen agnostiko agertzea, hanka bat han eta bestea hemen. Illa ere adoretsu azaldu da, ohetik jaiki ahala otoitz egiten duela jakinarazita. Garai hauetan, gainera. 155. artikuluaren alde egin zuen eguneko goizean zeruaren iritzia eskatu ote zuen galde ziezaiokeen kazetariak, baina hori beste kontu bat da. Erantzuna, gainera, argi dago: Illaren jainkoa unionista da. 

Inoiz izango dugu lehendakari ateorik, hark hala aitortuta? Hau Kantauri zurruna da, ez Mediterraneo lizuna. Gehienez, agnostikoak direla entzun diet zenbait politikariri. Hala ere, badirudi joera aldatzen ari dela: inkesten arabera, gero eta gazte gehiago ditugu sinesmen gabekoak.

Dena den, garapen bitxia izan dugu gurean. Elizak gurtzetik elizak erretzera pasatu gara —zentzu metaforikoan ari naiz—. Mutur batetik bestera bi belaunalditan. Horretan ere ez gara normalak. Euskaldun fededun leloa gogorarazi digu Pruden Gartziak bere liburuan. Halaxe da: euskaldun dogmadun, alde batetik edo bestetik. Jon Sarasuak gizartean eta bertsolaritzan izan den bilakaerari buruz hitz egin du. Ba al da bertsolari fededunik? Seguru. Izango ez da, ba! Goizero aitagurea errezatzerainokoa ote, Illa bezala? Txapelketa batean, bakarka eta gaia egokia izanik, bere jainkoa goratzen ausartuko litzateke gure inprobisatzaile fededuna ala isilduko litzateke, jaso litzakeen kritiken beldur? Nik, ortzia bai baina zerurik ez dudan honek, txalo egingo nioke bere fedearen berri emango baligu. Poto eginda ere bai, ze arraioa!

Ortodoxoenak ere kritikatu ditu Aragonesek elkarrizketan. «Purua izatea oso erraza da, baina oso antzua politikoki. Kontraesanak izatea da baliotsuena». Denok ditugu kontraesanak. Ez fidatu halakorik ez dutela esaten duten pertsonez. Zenbat kontraesan eta, batez ere, nolakoak. Hortxe dago koska. Puruak ere ez daude horietatik libre. Iraultzailea izan al daiteke 150 euroko zapatilak —ez baitzara low cost supermerkatu hitsetako zapata are hitsagoak erosten dituzten etorkin langile, pobre, arrazializatu horietako bat— Interneten bidez erosiz? —gora tokiko merkataritza!—. Robespierre, Marat eta bestek lepoa moztuko lizukete, burua altxatuko balute. Edo ez, beraiek ere kontraesanak bazituzten.

Badugu kontraesanik beste arlo politiko batzuetan ere. Hemen ere neurria da funtsezkoena. Ez da kontu samurra, baina. Euskal Herria munduan herritartasuna errazen eman eta kentzen den lekua dugu. Gutarra zerura bidali, bestea infernuan kiskali. 80ko urteetan Lavapies-etik iraultza egitera zetorrenari pasaportea ematen genion trenetik jaitsi bezain laster. Aldi berean, gudari zahar bati traidorea deitu eta euskalduna ez zela esaten zioten, espainieraz ondo moldatzen ez zen arren, Bilbo aldeko ustezko iraultzaile erdaldunek —neure belarriekin entzun eta neure begiekin ikusi nuen eszena—. Non eta Gernikan. Zergatik eta EAJri botoa ematen ziolako. Gizona begiak bustita irten zen tabernatik. You are not in Spain, you are in the Basque Country. Ba, horixe. Non da gure zerua? Non gure lurra?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.