Arabarren egoitzaren aferan «zabarkeriaz» aritzea egotzi die LABek administrazioei

Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk Gorka Urtaran diputatuaren agerraldia eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan.

Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
Gasteizko Arabarren zahar etxea. BERRIA
edurne begiristain
2024ko irailaren 24a
14:33
Entzun

Hautsak harrotu ditu Zaintza Araba elkarteak Gasteizko Arabarren zahar etxearen egoeraz atzo egindako salaketak. LAB sindikatuak ohar batean azpimarratu du «larriak» direla salatutako gertakariak, baina are larriagoa erantzukizuna sektoreko langileengan jartzea. Izan ere, sindikatuak gogoratu du zahar etxeetako langileek urteak daramatzatela euren lan baldintzak kaskarrak salatzen. Hori hala, LABek adinekoei arreta emateko ardura duten administrazioei egotzi die egoeraren erantzukizuna, eta «zabarkeriaz» aritzea leporatu. Kritikatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela zaharren arta modu egokian arautzen duen dekretu berririk egin, eta, ondorioz, Arabako Foru Aldundiak «utzikeriaz» jokatzen jarraitzen duela egoiliarrei arreta egokirik eskaini gabe.

LABek EAJ egin du gaur egun egoitzetan dagoen pribatizazio egoeraren erantzule. Sindikatuak uste du Arabarren zahar etxean gertatutakoak zaintza sistemaren «gabezia larriak» bistaratzen dituela, eta zaintza publiko eta komunitario baten aldeko urratsak egitea eskatu du. «Zaintza ezin daiteke esku pribatuetan egon, are gutxiago aldundiaren babesarekin. Instituzioek kudeaketa publiko zuzena bultzatu behar dute, pribatizazioari atea itxiz». EAJk eta PSEk kudeatzen dituzten administrazioei «erantzukizuna, inplikazioa eta erreparazioa» eskatu die LABek.

Argibideak aldundiari

Arabarren egoitzan gertatutakoaz azalpenak eskatu dizkio oposizioak Gorka Urtaran Arabako Gizarte Politiketako diputatuari. EH Bilduk ez ezik, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk ere Urtararen agerraldia eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan. David Rodriguez Elkarrekin Podemos-IUko batzarkideak «ikerketa sakona» eskatu dio aldundiari, eta neurriak hartzea betiere arau hausteak izan direla egiaztatuz gero. Rodriguezek gogoratu du Arabarren zahar etxea publikoa dela baina Mondragon Taldeak eta IMQ-Igurcok kudeatzen dutela, eta gaineratu du EP-IUk ez duela «eredu publiko-pribatua» babesten.

PPk ere mozio bat erregistratu du Batzar Nagusietan, Urtarani azalpenak eman ditzala eskatzeko. Ana Salazar Arabako PPren idazkari nagusiaren ustez, «lotsagarria» da foru gobernuak zaharrak «abandonatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.