Gutxienez 28 eraso LGTBIfobiko izan ziren iaz Araban

Ikusguneren txostenaren arabera, gorroto diskurtsoak eta irainak izan ziren ohikoenak, eta gehienek osagai homofoboak izan zituzten. Etxean, lantokian, ikastetxean eta toki publikoetan jazo ziren erasoak.

Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak eta Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute txostena. EDURNE BEGIRISTAIN
Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaileak eta Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute txostena. EDURNE BEGIRISTAIN
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 14a
14:45
Entzun

LGTBI kolektiboaren aurkako erasoek ez dute etenik. Hala islatzen du Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak kaleratu berri duen txostenak. Joan den urtean, sexu orientazio eta genero identitate disidenteen aurkako 28 gertakariren berri izan zuen elkarteak, aurreko urtean baino hamabi gehiago. Horietatik hamazazpik osagai homofoboa izan zuten; seik, transfoboa; hiruk, LGTBIfoboa; batek, lesbofoboa; eta beste batek, enefoboa —genero ez-bitarrekoak diren pertsonen aurkakoa—. Txostenean bildutakoak baino eraso gehiagoren berri izan zuen Ikusgunek, baina dokumentatzeko arazoengatik ez ditu denak jaso, nahiz eta  lekukotza guztiei sinesgarritasuna aitortu. Hiriburuan jazotako erasoei erreparatu diete batez ere, baina Arabako beste udalerri batzuetan izandako gertaera batzuk ere jaso dituzte.

Ikusgunek eta Gasteizko Udalak urtero kaleratzen dute LGTBI kolektiboaren aurkako gertaeren txostena; zazpigarrena da iazkoa. 2022an baino eraso gehiago zenbatu badituzte ere, nabarmendu dute ez dutela «alarma girorik» sortu nahi, ezta kolektiboarengan beldurrik eragin ere. Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzailearen esanetan, LGTBI kolektiboak indarkeria mota hori atzemateko eta salaketa poliziala edo publikoa egiteko «kontzientzia handiagoa» duelako hautematen dira eraso gehiago. Are, uste dute LGTBIfobiaren aurka hirian martxan jarritako politikak eta sentsibilizazio kanpainak lagungarri izan direla kolektibo horretako kideen artean «segurtasun giroa» sortzeko, eta, aldi berean, haien «ahalduntzea» bultzatzeko.

Mezu ultraeskuindarrak

Joan den urtean zenbatutako erasoen erdiak baino gehiago gorroto diskurtsoak eta irainak izan ziren: hamasei izan ziren guztira. Ikusgunek «kezka handiz» ikusten du tankera horretako erasoen ugaritzea, eta ultraeskuinaren mezuen hedapenarekin lotu du. Zehazki, iaz zenbatutako gorroto diskurtsoen %20 inguruk mezu ultraeskuindarrekin zerikusia izan zuten. «Alderdi horien gorrotoa gure kaleetan zabaltzen ari da», ohartarazi du Martinez de Hereditak.

Horrez gain, diskriminazioa pairatu zuten hamar lagunen salaketak jaso zituen behatokiak, eta baita LGTBI pertsonen aurkako bi indarkeria kasuren berri ere —horietako bat familia barruan gertatutakoa, eta bestea, hezkuntza eremuan—.

Genero disidenteko pertsonen aurkako indarkeria oso ohikoa da oraindik ere. Transen aurkako zortzi eraso jaso dituzte txostenean, eta horietako bat pertsona ez-bitar batek jasan du. Gainera, mutil trans baten aurkako sexu eraso baten berri ere izan du Ikusgunek, baina ez du txostenean jaso, metodologia arrazoiengatik.

Txostenean gogora ekarri dute iaz legedian urratsak egin zirela transen eskubideen aitortzan, baina aurrerapausoekin batera, eta ultraeskuinaren mezuek hauspotuta, gora egin zutela «adierazpen transfoboek» eta «gorroto eta deshumanizazio» jarrerek. «Jarrera horiek askotan zigorrik gabeko lehen urratsa dira sareetatik kanpo eraso egiteko», ohartarazi dute.

Indarkeria pairatu dutenen soslaiei erreparatuta, Ikusgunek adierazi du gay kolektiboa dela gertakari homofobo gehien nozitu duena: erdiak baino gehiago. Kontrara, azpimarratu dute lesbianen aurkako eraso bakar baten berri izan dutela, baina ohartarazi dute gehiago izan direla: lesbianek historikoki pairatzen duten «ikusezintasun patriarkalari» egotzi diote kasu bakarra ezagutzea. Hain justu ere, eta lesbofobiaren egoera eta arauz kanpoko genero identitateak ikusarazteko asmoz, Gasteizko Bilgune Feministak eta Ayllu elkarteak ondutako bi azterketa erantsi dizkiote txostenari.

«Egiturazko arazoa»

LGTBIfobiaren aurkako behatokiak arreta jarri die indarkeria kasuak gertatzen diren eremuei ere. Eremu pribatuan eta publikoan izan dira erasoak, LGTBIfobia «egiturazko arazoa» den erakusle. Kolektibo horren aurkako erasorik ohikoenak toki hauetan gertatu dira: etxean edo bizilagunen komunitatean, familiartean, lantokian eta ikastetxean. «Bizitzan denbora gehien igarotzen dugun espazioak dira, hain zuzen ere», adierazi du Martinez de Hereditak. Era berean, espazio publikoan ere izan dira erasoak, eta horien artean azpimarragarriak izan dira jai eremuetan jasotako gorroto mezuak.

Ikusgunerentzat bereziki kezkagarriak dira hezkuntza eremuan izandako erasoak. Besteak beste, hainbat ikastetxeren horma irudien aurka egindako ekintzak, genero adierazpenagatiko diskriminazioa eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeria kasuak jaso ditu txostenean.

2022. urteko txostenean, behatokiak azpimarratu zuen sare sozialetan erabat normalizatuta zeudela eraso LGTBIfobikoak eta gorroto diskurtsoak, bereziki transfobikoak; antzekoa da egoera orain. «Sare sozialetako anonimotasunak eta zigorgabetasunak erraztu egiten dute egunero sektore ultra eta trans baztertzaileek indarkeria erabiltzea», azpimarratu du.

LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak

  • Iraina. «Gertakariaren berri eman duenak adierazi du emakume batek egunero iraintzen duela 'marikoi' deituz. Hitzezko erasoak etengabeak dira, eta, azkenaldian, kafean txistua bota dio. Irainak eraso bihurtzeak kezkatzen duela adierazi du».
  • Erasoa. «Erasoa jasan duen mutil transa lantalde batean dago beste lankide batzuekin eta erasotzailearekin. Taldea lana amaitu nahi duten eta lana oztopatzen duten pertsonen artean banatuta dago, eta horiei laguntzeko eskatu zaie. Halako batean, lankide bat okertu da, eta taldeko boikotatzaileek errua bota diote. Hitz truke batean, erasoa jasan duenari iseka egin diote, eta erasotzaileak esan dio: 'Konponduko dugu hau patioan?'. Behin patioan, erasotzailea mutiko transaren bila joan, eta eskolatik kanpo joan dira. Erasotzaileak esan dio: 'Harroxko zabiltza zu', eta leku baztertu batera eraman du, buruan eta bularrean hainbat kolpe emateko. Horren ondorioz, hainbat koskor ditu, eta, ziurrenik, saihets bat hautsita».
  • Diskriminazioa. «Pertsona horrekin etxebizitza partekatzen duenetik arbuioa sumatu duela esan du. Mespretxuzko keinuak eta beste iritzi batzuk direla-eta bere sexu orientazioak eragin duela uste du. Ez da lehen aldia jarrera homofoboa hautematen duten gatazkak dituztena, bizikidetzarekin lotuak. Duela gutxi, etxetik joateko gonbita egin diote arazo horiengatik, eta horrek okerrera egin du. Oraingoan bizikletaren gurpila apurtu diote, etxebizitzaren zoruan markak utzita».
  • Gorroto diskurtsoa. «Emakume trans batek salatu duenez, azken hiru urteetan, goizero, emakume batekin egiten du topo, eta iraindu egiten du: 'munstroa', 'maritxu puska', 'Nolatan zabiltza zu titi eta guzti? Zu Voxekin ez zinateke hemen egongo' eta abar».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.