Bigarren itzulian eta gehiengo soilarekin aukeratu dute Ramiro Gonzalez jeltzalea Arabako ahaldun nagusi. 24 batzarkideen babesa izan du —bere taldeko hamabostenak eta PSE-EEko bederatzienak— gehiengo osotik bi batzarkideren faltan. PPk zuri bozkatu du, eta oposizio «eraikitzailea» agindu du, gobernuari akordioetarako eskua luzatuta. Elkarrekin-en hiru batzarkideek eta Voxeko ordezkariak ere zuri bozkatu dute. Hirugarrenez jarraian hartu du Gonzalezek Arabako aginte makila.
Ahaldun nagusi izateko bi hautagaitza aurrez aurre izan dira inbestidura saioan: Gonzalez bera eta Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko hautagaia. Lehen indarra izan ziren jeltzaleak maiatzeko bozetan, hamabost batzarkide erdietsita, baina orpoz orpo geratu zen EH Bildu, hamalau eserlekurekin. Koalizioko zerrendaburu Lopez de Arroiabek bere hautagaitza aurkeztu du ahaldun nagusi izateko, «erantzukizunagatik».
Gonzalezek eta Lopez de Arroiabek bi eredu zeharo ezberdinen defentsa egin dute bilkuran, hala nola gizarte zerbitzuetan, trantsizio energetikoan, fiskalitatean eta lehen sektorean. Maiatzeko bozen emaitzen inguruko azterketan ere ez dira ados jarri. Gonzalezek gogoratu du EAJk lortu zuela boto gehien, nahiz eta autokritika egin eta babesa galdu dutela onartu duen. Hala ere, EAJ-PSE akordioa goratu du eta politika «kontinuistak» egingo dituela hitzeman. Lopez de Arroiaberen iritziz, aldiz, hauteskundeetako emaitzek «ziklo aldaketa baten hasiera» islatzen dute; aldaketa hori «egiturazkoa» dela ziurtatu du.
Autokritika egitetik harago, gobernatzeko zilegitasuna duela adierazi du Gonzalezek, horretarako behar den babesa lortu duen hautagai bakarra dela gogoratuta. «Gobernatzeko eskubidea lortzen du gehiengoa duenak. Horrela ulertzen dut nik politika: guztientzako gobernatu behar da, ez gizartearen zati bat baztertuta». EAJren eta PSEren arteko gobernu akordioaren garrantzia azpimarratu du, eta «elkarlanerako gobernantzaren» bidetik jarraituko duela hitzeman du, Vox ez gainerako alderdiekin akordioa eta elkarrizketa sustatuta. «Arabak ezin du hutsera salto egin; ezin du konfrontazioan oinarritutako gobernu bat izan», ohartarazi du.
Legealdirako erronkak zerrendatu ditu ondoren. Besteak beste, fiskalitatean konpromisoa hartu du fortuna handiko zergari lotutako araua egiteko, baina ez du datarik zehaztu. Zaintza alorrean, berriz, etxeko arreta hobetuko duela hitzeman du, besteak beste,zahar etxeetan leku publiko gehiago sortuta. Eta energia berriztagarrietan «adostasun politiko eta sozial handiena» lortzeko deia egin du.
Lopez de Arroiabe, aldiz, herritarrek bozetan adierazitakoa aintzat hartzearen alde mintzatu da, uste duelako Arabako gizarteak «ezkerrera» egin duela eta «aldaketarako gogoz» so egiten diola etorkizunari. Gainera, iritzi dio herritarrek «belarri tira» bat egin diola EAJ-PSE gobernuaren kudeaketari, eta, alde horretatik, salatu du azken lau urteotan elkarrizketarik ez dela izan oposizioko taldeekin.
Lopez de Arroiaberen ustez, agintaldi berrian akordioak egitea eta «bidelagun egokiak» aukeratzea ezinbestekoa izango dela ohartarazi die jeltzaleei eta sozialistei: «Eskuina eta eskuin muturrak ez dituzte herri honen interesak defendatzen». Hala, salatu du «Espainian ultraeskuinarekin akordioak egiten ari den PP» izango dela EAJ eta PSEren lehentasunezko bazkidea.
PPk «giltza» izan nahi du
PPren izenean, Iñaki Oiartzabalek iragarri du bere taldeak oposizio «kritikoa» egingo duela, baina «erantzukizunez» jokatuta eta negoziazioari eta akordioei ateak irekita. Hiru eremutan eskaini dizkio akordioak gobernuari: zergak jaisteko, gizarte politikak sustatzeko eta herrialderako proiektu estrategikoak bultzatzeko.
Oiartzabalen ustez, EAJ-PSE gobernuaren «higaduraren» atzean arabarren «aldaketarako» nahia dago: «Arabarrek ez dute gehiago nahi arazoak kudeatzeko gai ez den eta elkarrizketari bizkarra ematen dion gobernu bat». Ziurtzat jo du popularrak «giltza» izango direla akordioak lotzeko, baina argi utzita ez dutela «txeke zuririk» emango. Elkarrizketarako borondatea agertu du, baldin eta «familiak eta zaurgarrienak babesteko» eta enpresa eta inbertsiogileei «ziurtasuna» bermatzeko bada.
Elkarrekin taldeko bozeramaile David Rodriguezek «ezkerreko gobernu progresistak» artikulatzearen alde egin du, baina EAJ ekuazio horretatik at utzita. Horrez gain, PSEri egotzi dio gobernu progresista bat osatzeko «aukera galtzea» eta eskuineko gobernu «kontserbadore» bati ateak zabaltzea.
PSEko Cristina Gonzalezek, berriz, «denbora apur bat» eskatu du gobernuak akordioei bide emateko, «gutxienez uztailaren 23ko bozak pasatu arte». Hala ere, «borondate osoa» agertu du oposizioko taldeekin itunak lortzeko.
Ahaldun nagusien aukeraketa. Araba
Araban, gehiengo soilarekin...
Ramiro Gonzalez aukeratu dute Arabako ahaldun nagusi, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. PPk, Elkarrekin-ek eta Voxek zuri bozkatu dute. Lopez de Arroiabek esan du «ziklo aldaketa» egon dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu