EAJk eta PSE-EEk Ahal Dugu-rekin adostutako zerga berrikuspena bere bidea egiten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian eta Araban, eztabaida iritsi da bere amaierara, eta jeltzaleen, sozialisten eta moreen aldeko botoekin onartu dituzte berrikuspenak. Hala, pozik azaldu da Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia: «Balorazio oso positiboa egiten dut, gizarte gisa ditugun erronkei erantzun bat ematen dielako». Gipuzkoan ere gertu dute onarpena, atzera bota baitute EH Bilduk foru arauari jarritako osoko zuzenketa.
Eztabaidarik biziena Gipuzkoan jazo da. Izan ere, hilabete batzuk atzera eginez gero, lurralde hartan aurreakordio bat erdietsi zuten Gipuzkoako Foru Aldundia sostengatzen duten bi alderdiek eta EH Bilduk. Hura, baina, ezerezean geratu zen, eta, negoziazio korapilatsu baten ostean —tartean, baita ondoriorik gabeko barne galdeketa bat ere—, EAJk eta PSE-EEk Ahal Dugu-ren babesa eskuratu zuten berrikuspena aurrera ateratzeko.
EH Bildu bakarrik geratu da berak aurkeztutako osoko zuzenketaren defentsan. EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek «aukera galdutzat» jo du zerga berrikuspenerako proposamena, «ukitu bat» besterik ez delakoan: «Diru bilketa nahikoa bermatzen ez duena, eta epe motzera begirakoa». Hala, «zerga erreforma sakon» baten beharra defendatu du, eta gehitu Gipuzkoan EAJk, PSEk eta EH Bilduk adostutako lehen aurreakordio hark bazituela «horretarako zumeak».
Bestelako irakurketa bat egin du, baina, azkenean akordioa sinatu zuen indarrak. Elkarrekin-eko bozeramaile Miren Etxebestek argudiatu du eurek sustatutako moldaketak herritarrentzat onuragarriak direla, batez ere «langile klase zaurgarrienarentzat». Hala, eurek nahiko luketen zerga erreforma ez dela onartuta ere, defendatu du urrats bat egin dela «egitura fiskal kontserbadorea» gainditzen hasteko. Hain justu, horregatik kritikatu dio EH Bilduri proiektua atzera bota nahi izana, egungo fiskalitateari eustea ekarriko lukeelako.
Azkenean onartuko duten proposamenaren defentsa sendoagoa egin dute gobernuko bi alderdiek. PSE-EEko eledun Alberto Aristegik «herri itun» bezala definitu du, eta EH Bilduri kritikatu dio «taktizismo hutsagatik» akordiotik kanpo geratu izana: «EH Bildu ez dago prest, ez du nahikoa heldutasun akordio politiko garrantzitsuak lortzeko; bertigoa ematen diote».
Oianko Ganboa jeltzaleak ere gauza bera leporatu dio koalizio subiranistari, eta txarretsi die irudikatu nahi izana PP zela akordiorako aukera bakarra. Hala, estrategia aldatu eta EAJrekin kolaboratzeko deia egin dio. Eztabaidan, PPri ere erantzun dio Ganboak: «Beto gurutzatuak daudenean, oraingoan gertatu den moduan, erreforma ateratzen laguntzen duenarekin egiten da erreforma, baina defizit demokratikorik ez dago».
Izan ere, atzera begirako bat eginda, PPko Mikel Lezamak euren alderdiari «betoa» ezarri izana kritikatu du. Zehazki, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi zuen ez zutela Alderdi Popularrarekin fiskalitatearen inguruko itunik egingo, nahiz eta orduan EAJk ate hori zabalik utzi nahi izan. Hala, Lezamak sozialistei egotzi die azken bi urteetan egindako lana indargabetzea, eta EAJri «arduraren zentzua galdu izana». Hain zuzen, legealdi hasieratik, EAJk eta PSE-EEk une erabakigarrietan lagun izan dute PP. Besteak beste, haien botoek eman zioten gobernua Eider Mendozari, baita aurtengo aurrekontuak ere.
Bukatu dute bidea
Bizkaian eta Araban ere antzeko terminoetan egin dituzte eztabaidak, baina, bi lurralde horietan, zerga berrikuspena behin betiko onartzeko egin dute. Araban, beharrezkoak ziren Ahal Dugu-ren bi botoak —Elkarrekin-eko hirugarren batzarkideak ez du babestu—, eta ez dute huts egin. Ez dute huts egin Bizkaian ere, nahiz eta han EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa izan. Izan ere, akordioa hiru lurraldeei begirakoa da, eta horri esker moreen 44 zuzenketa partzial onartu dituzte Bizkaian ere.
Horiek hala, Etxanobek adierazi du egun «garrantzitsua» dela gaurkoa. Batez ere etxebizitza arloari erreparatu dio, esanez berrikuspenak balioko duela, besteak beste, gazten emantzipazioa sustatzeko. Ramiro Gonzalez Arabako Aldundiko ahaldun nagusiak, berriz, «egonkortasuna» nabarmendu du, «ekonomikoki konplexua» den garai batean.