«Energia berriztagarriak etorkizun jasangarri baten funtsezko osagai dira, baina ez kosta ahala kosta, ez nolanahi. Gure ustez, premiazkoa da erakundeek, herriekin batera, gure paisaiak, kultura eta bizimodua errespetatuko dituen eredu bat diseinatzea». Adierazpen irmoa egin dute Arabako Horrela Ez eta Gorbeialdea Defendatu herri plataformek. Azaldu dute joan den hilabete hasieran Eusko Jaurlaritzak 22 «poligono fotovoltaikoren» proiektuak argitaratu zituela, eta horien xedea ez dela Arabaren «garapen iraunkorrari» bide ematea. Kontrara, salatu dute «etekin ekonomikoa» dutela helburu, «landa ingurumenaren eta nekazaritza ingurumenaren kaltetan».
Proiektu horien kontra daudela erakusteko, herri plataformek agerraldia egin dute gaur, Lubinao kontzejuan, Araban. Ekintza sinboliko batekin irudikatu dute salaketa: 411 gurutze jarri dituzte herriko lursail batean, «Araba osoaren ordezkari gisa». «Ez gara besoak gurutzatuta geratuko industriak gure lurrak bereganatzen dituen bitartean deskarbonizazioaren mozorropean, benetako konpromisorik gabe trantsizio energetiko ez-espekulatibo eta justu bat aurrera eramateko», azaldu dute.
Erran dute gisa horretako proiektu fotovoltaikoak gero eta gehiago direla, baina lurraldea ez dagoela salgai: «Amore ematen ez duzuen bitartean, aurrean izango gaituzue». Haien irudiko, egungo egoerak argi erakusten du administrazioak ardatz gisa hartutako energia ereduak ez dituela «errespetatzen eta ulertzen landa eremuaren errealitatea eta ingurumenaren eta gizartearen balioa».
Izan ere, Arabako biodibertsitatearentzako «mehatxatu» ez ezik, kontzejuetako bizimoduarentzako «kolpe hilgarri» ere badira proiektu horiek: «Nekazaritza lurrak funtsezkoak dira tokiko bizimodua garatzeko, eta gure komunitateen ongizatearen gainetik negozioa lehenesten duten enpresa eta proiektuei ematen dizkiete».
Zubiak eraiki
Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari ere igorri diete mezua: «Zubiak eraiki nahi ditugu». Hausnarketa eredu partekatu baten alde egin nahi dute, eta energia eredu bat adostu. Betiere, energia berriztagarrietarako trantsizioa «arduratsua» izan dadin, eta ingurumena eta jendea «errespetatu» ditzan.
Ordea, salatu dute administrazioa «mezu kontraesankorrak» igortzen ari dela, herritarrak «engainatzeko eta proiektuen aurkako erresistentzia ahultzeko». Baina ez daude etsitzeko prest: «Herritarrak informatuta eta prestatuta gaude, eta ez diegu utziko ez gu isilarazten ez engainatzen».