Baieztatu dituzte lehen kasuak Euskal Herrian ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, aurreko egunetan Araban atzemandako eritasun «susmagarriak» tximino baztangarenak dira. Gaixoak bi gizonezko dira, eta Osakidetzaren Arabako Unibertsitate Ospitalean artatu zituzten, baina, sintoma larririk ez zutenez, etxean bakartzeko agindu zieten, erietxeratzeko beharrik gabe. Osasun Sailaren azken oharraren arabera, bi pazienteen egoera ez da aldatu: gaitza «modu arinean» ari dira pasatzen, eta ez dute aparteko artarik behar izan.
Bi kutsatuon laginak Espainiako Mikrobiologia Zentroan ikertu dituzte aurreko egunetan, eta, Jaurlaritzaren arabera, «lotura epidemiologikoa» atzeman dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo detektatutako beste kasu batzuekin. Transmisio kateek Hego Euskal Herriaren eremua gainditzen dutela, alegia.
Osasun Sailak jakinarazi duenez, hala ere martxan dute tximino baztangari aurre egiteko protokolo berezia, eta, oharrean azaldu duenez, jarraipena eginen diete «ager litezkeen kasu posibleei eta horien kontaktuei», Espainiako Alerta eta Osasun Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin elkarlanean.
Gogorarazi dute, halaber, tximino baztanga «oso gutxitan» agertzen den gaixotasuna dela, eta ohiko sintomak direla sukarra, mialgiak, adenopatiak (gongoiletako hantura) eta erupzioak eskuetan eta aurpegian, barizelaren antzera. Gorputzeko hainbat tokitan hedatzen da gero erupzio hori, baita genitaletan ere. 2-4 asteren bueltan sintomek arintzera egiten dute kasu gehienetan, baina larritzera ere egin dezake zenbait pazienterengan.
Kasuak gora munduan
Gaixotasunak kezka eragin du munduan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du egungo agerraldien transmisioak ez duela zer ikustekorik tximino baztangaren ohiko kutsatze patroiekin, eta trazabilitatea kontrolatzeko galdegin die munduko gobernuei. Erakundeak emaniko azken datuen arabera, 17 herrialdetan atzeman dituzte agerraldiak, eta 150etik gora infekzio zenbatu dituzte guztira.
Hala ere, OMEk gogorarazi du tximino baztanga ez dela «pertsonen artean erraz transmititzen den eritasun bat, kontaktu fisiko estua behar delako». Hori dela eta, egungo agerraldiak «kontrolatzeko modukoak» direla azaldu du erakundeak. Kasuen goranzkoak, baina, txertoei buruzko politika aldaraz dezake: «Orain arte, baztangaren aurkako txertoa onartua zegoen prebentzio neurri gisa edo arrisku taldeetan soilik [laborategietako langileentzat, adibidez], baina gida hori berritzeko bidean da». Izan ere, OMEk frogatutzat jo du «baztangaren aurkako txertoa baliagarria dela tximino baztangari aurre egiteko ere».
Uneotan, Bavarian Nordic enpresarena da tximino baztangaren aurka baimendutako txerto espezifiko bakarra. AEBetan eta Kanadan baimenduta dago soilik.
Araban baieztatu dituzte tximino baztangaren lehen bi kasuak
Osakidetzaren arabera, sintoma arinak dituzte bi kutsatuek, eta ez dituzte ospitaleratu behar izan. Kontaktuen jarraipena eginen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu