Arabako hiri hondakinen kudeaketari buruzko 2021eko datuak kaleratu ditu Arabako Foru Aldundiaren Hondakinen Behatokiak. Datu horiek aztertu ditu Gasteiz Zero Zabor taldeak, eta ondorio argi batera iritsi da: etxeko hiri hondakinak atez ateko sistemaren bidez biltzea da «sistemarik onena». Arabako 51 udalerrietatik, Kripanek bakarrik lortu du 2025erako zaborra berrerabiltzeko eta birziklatzeko ezarrita dauden helburuak betetzea; hala, atez ateko sistemarekin lortu du hondakinen %55 biltzea. Gaur egun, Eltziegon ere martxan da atez ateko zabor bilketa, eta Burgelun ezartzeko asmoa dute.
Arabako Hondakinen Behatokiaren datuen arabera, 2021.urteak berretsi egin du azken urteotan behatutako joera: hondakin nahasiak gutxitu egin dira, eta gaikako bilketak gora egin du, baina «motel». Izan ere, azken bost urteotan, hondakinen %6 igaro da bilketa mota batetik bestera, eta lurraldeko udalerrien ia erdietan gaikako bilketa %40tik behera dago.
Datuok aztertuta, Gasteiz Zero Zabor taldeak ondorioztatu du Arabako Foru Aldundiak, udalerriek eta kuadrillek «sakon berrikusi» beharko dituztela hiri hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko planaren neurriak. Izan ere, hainbat gabezia sumatu ditu. Besteak beste, prebentzioari dagokionez, Araban %7,5 baino ez da murriztu biztanleko hondakinen sorrera 2010eko datuekin alderatuta. Halaber, uste du «nekez» lortuko dela 2025erako hondakinen %55 birziklatzea eta berrerabiltzea.