Arabako zahar etxeetan grebara deitu dute ELA eta LAB sindikatuek

Urriaren 17rako egin dute deialdia. Arabako «lehenengo probintzia hitzarmena» aldarrikatuko dute. Aurretik beste 36 lanuzte egin dituzte.

Arabako zahar etxeetako langileen greba, apirilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako zahar etxeetako langileen greba, apirilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko urriaren 8a
13:05
Entzun

Kalera aterako dira, beste behin, Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginak. ELA eta LAB sindikatuek deituta, greba egingo dute datorren asteko ostegunean, «lehenengo probintzia hitzarmena» exijitzeko. Hain justu, lau urte baino gehiago daramatzate «baldintza duinak» bermatuko dituen hitzarmen baten alde borrokan. Orain arte 36 lanuzte egin dituzte; datorren astekoa 37.a izango da.

ELAk eta LABek adierazi dutenez, negoziazio mahaia gaur bildu da, baina ez da «eduki berririk» agertu. Hori dela eta, lanuztera jotzea erabaki dute. Egun horretan, langileek kontzentrazioa egingo dute 11:00etan, Gasteizko Probintzia plazan; arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute 18:00etan, Babesgabeen plazatik abiatuta.

Sindikatuek ekainean aktibatu zuten, «berriro ere», negoziazio mahaia. Izan ere, aurretik salatu izan dute patronalak mahaia blokeatua zuela. Apirilean egindako greban, negoziatzeko «borondate eskasa» leporatu zieten erakundeei eta patronalei. Finean, lan baldintza «duinak» biltzen dituen hitzarmen bat onartzeko eskatu nahi diete sindikatuek patronalei: AKRA Kataluniako laguntza baliabideen elkarteari, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzaileei eta Lares Nafarroako adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen elkarteari.

Ekainean berriro biltzen hasi direnetik, baina, ez da «aurrerapausorik» eman: «Patronalek eginiko eskaintza bakarra ez da nahikoa, soilik jardunaldiari eta soldatei buruz hitz egiteaz gain sektorean prekaritatea betikotzea ekarriko lukeelako».

Izan ere, aurreko grebetan adierazi dutenez, soldataren inguruan eztabaida handia sortu den arren, hori ez da haien borrokaren ardatza. Hitzarmen kolektibo baten alde ari dira borrokan, eta hainbat puntu jarri dituzte mahai gainean: «Gutxieneko soldataren inguruko lansariez ari gara, gehiegizko partzialtasunaz, urtean 1.784 orduko lanaldiaz, gehiegizko ratioez —langile bakoitzak bere ardurapean dituen erabiltzaileez— eta lan osasunaren prebentziorik ezaz».

Bestalde, prozesuan inplikatzeko exijitu diete erakundeei; zehazki, Arabako Foru Aldundiari. «Ezin da onartu zaintza sektore hau erabateko prekaritate egoeran egotea, gizarte politiketako arduradunek beste leku batera begiratzen duten bitartean», azpimarratu dute.

EH Bilduren ekinaldi multzoa

Duela bi aste inguru, Zaintza Arabak salatu zuen Arabarren zahar etxean «tratu txarrak» ematen dizkietela egoiliarrei. Ohar bidez jakinarazi zuten bertan gertatzen ari dena «oso larria» dela eta egoiliarrak baldintza «desegokietan» dituztela. Bertako eta beste «hainbat egoitzatako senideen kexen» ondoren, EH Bilduk ekinaldi multzo bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, egoiliarren baldintzak hobetzeko asmoz.

Egoiliarrek jasaten dituzten tratu txarrak salatzeaz gain, EH Bilduk gogorarazi du senideek «langile eskasia» ere salatu dutela. Eva Lopez de Arroiabe koalizio abertzalearen bozeramailearen arabera, aldundiaren erantzukizuna da adinekoen «ongizatea» bermatzea: «Onartezina da egoera horiek senideek eurek salatu behar izatea, kontuan izanik, gainera, zaintzarako foru eredu berriaren ikur gisa saldu zigutela Arabarren; izan ere, horrek esan nahi du aldundia ez dela bere lana behar bezala egiten ari».

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du ikuskapenak eskatzeko eta Arabarrenen erantzukizunak argitzeko; bihar eztabaidatuko dute osoko bilkuran. Hala, Arabako «zaintza eredu osoa birpentsatzeko» exijitu dio foru gobernuari, eta erantsi du «zaintza sistema publiko komunitario» baten aldeko apustua egiten jarraituko dutela.

Bestalde, ikuskapen zerbitzua indartzeko mozioa aurkeztu dute, Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak ohartarazi duenez: «Mozio bat aurkeztu dugu, premiaz lan taldea handitzeko eskatuz, bai eta profesional desberdinak egoteko ere, zaintza integrala egin ahal izateko». Izan ere, senideek egindako salaketek eta Arabako zahar etxeetan egindako ikuskapenek agerian utzi dituzte hainbat gabezia. Alde batetik, Venceslaok adierazi du legeak agintzen duela urtean ikuskapen bat egin behar dela, eta ez dela betetzen. Bestetik, objektu pertsonalen galeraz eta langile faltaz gain, badira larriagoak diren beste egoera batzuk: «Hala nola, akatsak medikazioan, sexu erasoak eta indarkeria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.