Arabako zahar etxeetako langileek salatu dute proposatu dieten soldata igoera apalegia dela

ELAk eta LABek deituta, greba egin dute gaur Arabako zahar etxe pribatuetako langileek. Protestak hasi zituztenetik 36. greba eguna dute, eta aurtengo bosgarrena: «Ez dugu edozer sinatuko». Igoerarekin, 1.300 euroko soldata lortuko lukete, lau urte barru.

Arabako zahar etxe pribatuetako langileen manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako zahar etxe pribatuetako langileen manifestazioa, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko uztailaren 18a
19:00
Entzun

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 36. greba eguna egin dute gaur. Azken hilabeteetan hainbat ahalegin egin diren arren, ELA eta LAB sindikatuek ez dute lortu patronalekin akordio bat hitzartzea. «Ekainaren 3an negoziazio mahaira deitu genuen, eta orduz geroztik bi bilera egin ditugu. Patronalek eskaini digutena, ordea, ez da nahikoa. Akordio bat nahi dugu, baina ez dugu edozer sinatuko», argitu du Jessica Picatoste LABeko ordezkariak. ACRA, Gesca eta Lares patronalekin egindako negoziazioen porrota ikusita erabaki dute langileek «kaleak hartu» eta protesta egitea; bosgarren aldia da aurten. Goizean bildu dira, eta 11:00etan kalejira bat abiatu dute Gasteizko Plaza Berritik. 18:00etan manifestazio nagusia egin dute, Babesgabeen plazatik Diputazio plazaraino.

Greba deialdiaren aurrean, patronalek ohar bat kaleratu dute, esanez zahar etxe pribatuetako langileei soldataren %24ko igoera eskaini dietela 2028rako. «Proposatutako igoera [Espainiako] estatu mailako hitzarmenaren %6,5 gainetik dago». Soldataz gain, lanorduetan ere «murrizketa mailakatua» egitea proposatu dietela adierazi dute patronalek. Gainera, nabarmendu dute, ACRAk jasotako datuen arabera, Arabako zahar etxeen grebak %1eko baino gutxiagoko erantzuna izan duela, baita gaurko deialdiak ere. «Are gehiago, ACRAko langile batek ere ez du grebarik egin», esan dute.

«Ehunekoak aipatuz hitz egin nahi dute? Hitz egin dezagun orduan, ehunekoak zehaztuz, sektoreko langileek bizi kostuan izan dituzten galerei buruz»

JESSICA PICATOSTELABeko ordezkaria

Picatostek gogor kritikatu du patronalaren jarrera: «Ehunekoak aipatuz hitz egin nahi dute? Hitz egin dezagun orduan, ehunekoak zehaztuz, sektoreko langileek bizi kostuan izan dituzten galerei buruz». Elisa Rodriguez ELAko ordezkariak patronalei galdegin die zenbakiak aipatzea, ehunekoak erabili ordez: «Hitz egin dezatela euroak, zentimoak eta orduak zehaztuta. Ulergarriagoa izango da horrela». Izan ere, Rodriguezen arabera, patronalek argitara eman dituzten datuekin ematen du sindikatuak «sinestezina» den zerbait eskatzen ari direla, eta haren ustez ez da horrela: «Igoera horiek egiterakoan hartzen den jomuga barregarria da. Ehunekoak hartzea ez da bidezkoa: ez dute balio errealitatea islatzeko».

Honela osatu du arrazoibidea Picatostek. «Ehunekoak erabilita, badirudi igoera oso handia dela, baina sektorean gutxieneko soldatatik behera kobratzen ari diren langile guztiak kontuan hartuta, erraz ikus daiteke igoera ez dela hain nabarmena. Igoera horrekin soldatak non geratzen diren, horixe da garrantzitsuena». Zehaztu du patronalek proposatu duten igoerarekin 1.300 eurora baino ez litzatekeela helduko soldata: «Bost urte daramatzagu 1.400 euroko soldata baten alde borrokan, eta, gainera, beste lau urte itxaron beharko genuke igoera horretarako, 2028ra arte».

Soldataz harago

Soldataren inguruan eztabaida handia sortu den arren, sindikatuek gogorarazi dute soldata ez dela beren borrokaren ardatza. Hitzarmen kolektibo baten alde borrokan ari dira. «ELArentzat eta LABentzat onartezina da zaintza sektore honen erabateko prekaritatea. Gutxieneko soldataren inguruko lansariez ari gara, gehiegizko partzialtasunaz, urtean 1.784 orduko lanaldiaz, gehiegizko ratioez —langile bakoitzak bere ardurapean dituen erabiltzaileez— eta lan osasunaren prebentziorik ezaz».

«Patronalek argi utzi digute ez dutela arazoa konpontzeko inongo asmorik»

ELISA RODRIGUEZELAko ordezkaria

Sindikatuak 2019tik ari dira «langileentzako duina izango den» hitzarmen kolektibo bat lortu nahian, eta behin baino gehiagotan adierazi dute patronalak ez direla negoziatzeko prest egon. Arabako Foru Aldundiaren jarrera ere sarri kritikatu dute, gaiaren inguruko «arduragabekeria» eta «gelditasuna» egotzita. «Komeni zaienean bakarrik hartzen dute esku», azaldu du Picatostek. «Greba egunak antolatzen ditugunean, zerbitzu minimoak egitera behartzen dituzte langileak. Orduan zertan da egoera? Sektore pribatua da? Publikoa? Zergatik egin behar dituzte zerbitzu minimoak? Erakunde pribatuak badira, zegatik sartzen da aldundia?».

Haserre daude sindikatuak, eta kalera aterako dira gaur arratsaldean, hori oihukatzeko. «Patronalek argi utzi digute ez dutela arazoa konpontzeko inongo asmorik», adierazi du Rodriguezek. Langileek ekitaldi bat egingo dute, beren mezua ozentzeko. «Hitzarmena lortzeko akordioa nahi dugu, baina ez edozein preziotan. Patronalak eskaintzen diguna onartzea sektorearen prekarizazioa bermatzea litzateke, patronalei bakarrik mesede egiten dien bake sozial baten alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.