Arabako zahar etxeetako 37. greba eguna «erantzun zabala» ari da izaten

ELAk eta LABek deituta, kalera atera dira berriro ere erresidentzia pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginak. Lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzeko lanuztera deitu dituzte.

Arabako erresidentzia pribatuetako langileen manifestazio bat, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Arabako erresidentzia pribatuetako langileen manifestazio bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2024ko urriaren 17a
12:30
Entzun

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek lau urte baino gehiago daramatzate «baldintza duinak» bermatuko dituen hitzarmen baten alde borrokan, eta gaur greba eguna dute berriro. Protestekin hasi zirenetik 37. lanuzte eguna dute gaurkoa, eta aurtengo bosgarrena. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, eta, bi sindikatuen arabera, deialdia «erantzun zabala» ari da izaten, nahiz eta egoitzetan ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuak %70ekoak izan. Gainera, sindikatuek azpimarratu dute zahar etxeetako sektorea «prekarizatua, migratua eta feminizatua» dagoela, eta, beraz, deialdiaren arrakastaren interpretazioak ikuspuntu kuantitatibotik harago egon behar duela.

Erresidentzietako langileek elkarretaratzea egin dute 11:00etan Arabako Diputazioaren aurrean. Arratsalderako, berriz, manifestazio batera deitu dute, 18:00etarako, Gasteizko Babesgabetuen plazatik Probintzia plazaraino. Amaieran, ekitaldia egingo dute.

Sindikatuek ekainean aktibatu zuten negoziazio mahaia, baina artean ez dute akordiorik lortu. Aurreko astean egindako bileran patronalak egindako proposamena «eskasa» izan zela salatu dute bi sindikatuek, iritzi diotelako langileak «prekaritatean betikotzen» dituela. Aurreko greba deialdietan bezala, pentsiodunen mugimenduak, egoiliarren senideek eta mugimendu feministak babestu dute grebalarien borroka. Sindikatuek txalotu egin dute kolektibo horien engaiamendua: «Gatazka, lan arlokoa izateaz gain, soziala eta politikoa ere bada, eta herritar guztien inplikazioa eskatzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.