Arabako txakolinari kopa hustu zaio

Bigarren urtez jarraian, mahats gutxiago bildu da Aiaraldean. Gutxiago ekoitzita eta kontsumoak ere behera eginda, estu dago sektorea. Uzta txarrak kateatuko ote diren beldur dira sor-markakoak.

Mahatsa biltzen Arabako Txakolina sor-markako mahasti batean. ARABAKO TXAKOLINA
Mahatsa biltzen Arabako Txakolina sor-markako mahasti batean. ARABAKO TXAKOLINA
Kerman Garralda
2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Euskal Herriko ardo sor-marken artean txikiena da Arabako Txakolina. Eta azken bi urteetako uzta txarrek are txikiago egin dute. Arabako txakolina ekoizteko, 360.000 kilo mahats bildu dira aurten. Iaz baino 34.000 kilo gutxiago da hori, eta duela bi urte jaso zutenaren erdia. Bi sasoi txar kateatu ostean, Jose Antonio Merino Arabako Txakolina jatorri izeneko gerenteak argi hitz egin du: «Arazoa handia da».

Uzta kaxkarren eragilea eguraldia dela kontatu du arduradunak. Esan du udaberrian, mahatsondoak ernaltzeko garaian, ez zirela baldintza egokiak izan, eta irailean, fruituak gizentzen direnean, komeni baino euri gehiago egin zuela. «Mahastiak are gehiago hondatu ziren, eta aurreikuspen denak zapuztu zaizkigu». Aurtengo uzta, iazkoaren aldean, hobea izatea espero zuten, 2023. urtekoa «bereziki» txarra izan baitzen, baina denborak erakutsi du okerragoa izan zitekeela.

datuak

 
7

 

Txakolindegiak. Arabako Txakolina sor-markak zazpi txakolindegi biltzen ditu, guztiak Aiaraldean. Euskal Herriko ardoen arteko sor-markarik txikiena da.

20

 

Beharginak. Jatorri izanaren arabera, urte osoan hogei lagunek egiten dute lan. Uzta biltzeko garaian kopurua bikoiztu egiten dela esan dute. Gainera, zeharkako lanpostuak ere sortzen dituela nabarmendu dute.

Egia esan, inguruko jatorri izen guztiek bildu dituzte mahats kilo gutxiago. Bizkaiko Txakolinak ostegunean azaldu zuen aurtengo uzta iazkoa baino %18 txikiagoa izan dela, hura ere, uda amaieran eguzkiak gutxi jo zuelako eta euri asko izan zelako. 1.815 tona mahats bildu dituzte, eta duela 30 urte sor-marka sortu zenetik, ez zuten inoiz hektarea bakoitzeko hain gutxi jaso. Bizkaikoa, ordea, sor-marka handiagoa da Arabakoa baino: 35 upategi daude, eta 172 mahastizain.

Arabako Errioxan ere murrizketa handia izan da: ABRA upategien elkartearen arabera, 66 milioi kilo pasa jaso dira, iaz baino bederatzi milioi kilo gutxiago. Errioxako sor-marka osoak XXI. mendeko daturik txarrenak izan ditu aurten, 275 milioi kilo bilduta. Halere, Amanda de la Santisima Trinidad Errioxako jatorri izeneko komunikazio arduradunak garrantzia kendu dio datuari: «Ohikoa da gorabeherak izatea. Ez du aparteko eraginik izango». Are gehiago, mahastizainentzat ez, baina upategientzat gutxiago ekoiztea ez da derrigorrez txarra, aurreko urteetako ardo asko saldu gabe baitute sotoetan.

Arabako txakolin egileentzat, berriz, albiste txarra dela argi dauka Merinok: «Produkzio txikia izateak arazoak eragiten ditu produktua komertzializatzerakoan. Ez da huskeria». Arazoa larriagoa da garapen fasean egonda. «Hor gaude gu. Etxean bertan ere ez gaude egonkortuta». Itzalean sentitzen dira, txakolinen artean Bizkaikoek eta Getariakoek dutelako sona handiagoa eta Arabako ardoen artean, berriz, Errioxa sor-markakoak direlako nagusi.

Merinok emandako datuen arabera, ekoizpenaren heren bat atzerrian saltzen dute, «bereziki, Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan». Erronka etxean haztea dela esan du, eta presentzia handitzeko neurriak hartuko dituztela iragarri du.

«Hemen ditugun laboreentzat, klima erabat kaltegarria bihurtzen ari da» JOSE ANTONIO MERINOArabako Txakolina jatorri izeneko gerentea

Bestelako baldintzak ere ez dira aproposenak: Euskadiko Adikzioen Inkestako azken datuen arabera, behera egin du alkoholaren kontsumoak. Eta Espainiako Osasun Ministerioaren alkoholaren inguruko 2024ko monografikoak dio garagardoa dela Hego Euskal Herrian gehien edaten den edari alkoholduna. Bigarren postuan dago ardoa. Ikerketak ez ditu ardo motak desglosatzen.

Klima aldaketa

Datorren urteko mendema nolakoa izango den aurreikustera ez da ausartu Merino, baina berriz ere txikia izateko arriskua dagoela aitortu du: «Klima aldatzen ari da, eta, ondorioz, mahasgintzaren zikloak ere bai. Hemen ditugun laboreentzat, klima erabat kaltegarria bihurtzen ari da».

Hondarribi zuri eta hondarribi beltza motako mahatsekin egiten dute lan jatorri izenaren barruan dauden zazpi txakolindegiek. Hondarrabi zuri zerratia, izkiriota, izkiriota ttippia, sauvignon zuria eta chardonnay barietateak ere erabili ditzakete.

Egoera onean dauden aleak izan behar dute: egoki heldutakoak, taninoak garatuta dauzkatenak, dagokion pigmentazioa hartutakoak, garraztasuna galdu dutenak... Ez direnez edozein mordorekin konformatzen, jasotako kopurua are txikiagoa da, baina kalitatea, hobea. Datorren txakolina «kalitatezkoa» izango dela aurreratu du arduradunak. «Hori ez da negoziatzen».

Aiaraldean txakolina egitera bideratutako mahastiek tradizio handia dutela esan du. XIX. mendearen amaieran, gainbehera hasi zen, baina egoerari buelta emateko, 2001. urtean sor-marka sortu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.