Felix Ormazabal zendu zen atzo, Arabako ahaldun nagusi eta EAJko kide izandakoa; Gasteizen hil zen, 81 urterekin, Txagorritxu ospitalean, osasun arazo baten ondorioz. Araian jaio zen, 1940ko maiatzean; Teologia eta Zuzenbidea ikasi zituen, eta diktaduraren ostean egin zuen jauzi politika instituzionalera. Nekazaritza eta Arrantza kontseilaria izan zen 1979an, bigarren Eusko Kontseilu Nagusian, eta postu berean jarraitu zuen frankismoaren osteko lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenean, 1988ra arte. 1987tik 1995era, EAJko Araba Buru Batzarreko lehendakari izan zen, eta EAJko legebiltzarkidea 1984 eta 1995 artean. Ondoren, ahaldun nagusi aritu zen, 1995etik 1999ra; hurrengo agintaldira ere aurkeztu zen, baina Ramon Rabanera PPko hautagaia gailendu zitzaion. 2005ean hartu zuen erretiroa, azken urteak Jaurlaritzako Garraio Sailean igarota.
Ormazabalen heriotzak samin handia eragin zuen atzo jeltzaleen artean. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eman zuen albistearen berri, sare sozialen bidez. «Oroitzapen politiko eta pertsonalak nahasten diren honetan, bere bizi osoan Araba eta Euskadi hobetzeko lan egin zuen pertsona bat omendu nahiko nuke». Diputazioak haga erdira jarri zituen balkoiko banderak.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere atsekabea adierazi zuen: «Printzipioak eta balioak partekatzen genituen, eta aurrera jarraitzeko adorea ematen zidan ikusten ginen bakoitzean». Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak ere «tristezia sakon bat» adierazi zuen: «Gizatasunez eta ontasunez beteriko ondarea utzi digu». Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere «eredugarritzat» jo zuen Ormazabal.
Oposiziotik ere izan ziren babes mezuak. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren batzarkideak ere doluminak helarazi zizkien Ormazabalen ingurukoei.
Felix Ormazabal
Arabako lemazain ohia
Arabako ahaldun nagusia izan zen Ormazabal, eta ibilbide oparoa egin zuen EAJ alderdian. 81 urterekin zendu da, osasun arazo baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu