Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen legeak, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak, bazterrak mugitzen jarraitzen du. Oraingoan, Araba Bizirik plataformak eta UAGA nekazarien sindikatuak adierazi dute energia enpresa handiak eta erakunde publikoak Arabako landa eremua industrializatzen eta suntsitzen ari direla, eta lege berriak eta onartzeko dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak egoera okertuko dutela uste dute.
Hori salatzeko, martxoaren 23an protestara deitu dute bi eragileek, Arabako Foru Aldundiaren egoitzako atarian. Leku hori aukeratu dute uste dutelako aldundiak ere erantzukizuna duela Arabako landa eremuaren egoeran. «Lurraldearen birikatzat» daukate landa eremua, eta uste dute energia enpresak esplotaziorako gunetzat ari direla erabiltzen, foru gobernuaren laguntzaz.
Energia ekoizpen berriztagarrirako zentral handiak «iruzur» hutsa direlakoan daude, Europako Next Generation funtsek sustatuta eta «erakundeen konplizitatez». Azpiegitura handi horiek nekazaritza eremuak «energia kolonia» bihurtzen dituztela ere nabarmendu dute.
Parte hartzea, funtsezkoa
Bi eragileek garbi utzi dute energia berriztagarriak ekoizteko azpiegituren alde egin behar dela, baina modu parte hartzaile batean. Kontrara, uste dute gaur egun interes ekonomikoen arabera garatzen ari direla azpiegitura horiek. UAGAko bozeramaile Gorka Barredok, adibidez, azaldu du landatzeko onenak diren lurretan instalazio fotovoltaikoak ari direla egiten, arautze faltagatik.
Hori dela eta, eguzki plakak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ez diren eremuetan jartzearen alde egitea eskatu du Barredok, industrialdeetan eta eraikinen sabaietan, esaterako.
Barredok esan du «espekulazioaren ondorioz» nekazariek eta landa eremuek presio handia jasaten dutela, eta nekazaritza eta abeltzaintza jardunean aritzea gero eta zailagoa dela nabarmendu du, bideragarritasun ekonomikoa galtzen ari direlako: «Nekazaritzako enpleguak suntsitzen ari dira», ohartarazi du.
Lege berriaren aurka
Gogor kritikatu dute Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen legea, trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzkoa. «Energia oligopolioek» aurrez egindako proposamenak biltzen dituela uste dute, eta legeari aurpegiratu diote ez duela lurraldearen beharren araberako trantsizio bat antolatzeko xederik.
Araba Bizirik plataformako bozeramaileak, Rebeca Gonzalez de Alaizak, esan du legeak legitimatu egiten duela natura eta nekazaritza eremu handien salmenta, industrializazioa eta pribatizazioa.