Ustelkeria

Arabako Ingurumen diputatu Amaia Barredo ikertzen ari dira, prebarikazioa dela eta

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea zela Bergarako hondakin instalazio baten kudeaketan ustez egindako irregulartasunengatik ikertzen ari da fiskaltza.

Amaia Barredo, bigarren ilarako lehena ezkerretik hasita. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Leire Ortubay - Iñaki Petxarroman
2023ko uztailaren 5a
14:21
Entzun

Arabako Ingurumen diputatu Amaia Barredo ikertzen ari dira, ustezko prebarikazio delitu batengatik. Bergaran (Gipuzkoa) hondakinak balorizatzeko instalazio baten inguruan ustez egindako delitu batengatik ari dira ikertzen. Ecologistas en Accion taldeak egin zuen salaketa, proiektua onartzeko garaian ustez egindako irregulartasunengatik. Fiskaltzak jakinarazi berri du ezen, hasierako ikerketa baten ondoren, prebarikazio administratiboaren delitu baten zantzuak aurkitu dituela Barredoren kudeaketan. Prebarikazio administratiboaren delituak ez dakar espetxe zigorrik, baina bai kargu publikoa betetzeko debekua.

Ecologistas en Accion taldeak jakinarazi duenez (Ekologistak Martxan Euskal Herriko taldearekin konfederatuta dago), salaketa 2022ko apirilean jarri zuen, proiektu horren aurkako Larramendiko Arnasa Plataformako bizilagunekin batera, paper fabriketako hondakinak balorizatzeko planta bat sortzeko baimena emateagatik; zehazki,«industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko» planta bat sortzeko baimena emateagatik. Valogreene Paper BC, SL enpresak (jatorrizko enpresa: Greene Waste To Energy, SL) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari ingurumen baimen bateratua (IBB) ematea eskatu zion 2021eko abuztuan, «kareharrizko materiala ekoizteko» jarduerarako, Bergaran, Larramendi industrialdean. Horretarako, hasierako proiektu bat aurkeztu zuen. Hala ere, jendaurrean jarritako dokumentazioan, salaketan jasotzen denez, «2021eko ekaineko eskaeran aurkeztutakoaz bestelako proiektu bat aurkeztu zuten». Zehazki, paper fabriketan 155.060 tona lohi eta hondakin erraustea planteatzen zuten.

Funtsezko aldaketa baten aurka, Bergarako Udalak kontrako ebazpena eman zuen, baina Jaurlaritzak ez zion men egin, eta aurrera egin zuen baimenarekin, salatzaileek diotenez. 2023ko otsailean zabaldu zuten salaketa, eta zera adierazi zuten: «Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper proiektuarekin izan duen jarrera ez da neutrala izan; aitzitik, ekimen horri emandako laguntza osoa izan da, hainbat arlotan: laguntzak eta diru laguntzak, eta erakundeen eta komunikazioaren babesa».

Gainera, Ecologistas en Accion taldeak administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri du Valogreene Paper BC SL enpresari emandako baimenaren aurka. Baimen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia ikertzen ari da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde zen Barredo ustez prebarikatu zuenean. Herenegun izendatu zuten Arabako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko diputatu. Javier Agirre Jaurlaritzako Ingurumen Kalitate zuzendaria ere ikertzen ari dira auzi beragatik. Biek jarraitzen dute beren karguan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak berretsi du ikerketa abian dagoela, baina ez duela datu gehiagorik.

Alderdiek agerraldia eskatu dute

Arabako PPk jakinarazi du Gonzalez ahaldun nagusiaren eta Barredoren beraren agerraldia eskatuko duela, azalpenak eman ditzaten. Haien hitzetan, «sinestezina» da Barredo ikertzen ari zirela jakinda ere diputatu izendatu izana sail «handi» baten.

Elkarrekin Arabak ere eskatu du ahaldun nagusiak agerraldia egin dezala «urgentziaz», Barredoren izendapenari buruzko azalpenak emateko. Batzarkide taldeak adierazi du «ironikoa» iruditzen zaiola Batzorde Etikoa ikertzen ari zen pertsona bati eman izana diputatu postua. Jakin nahi dute Gonzalez eta haren gobernua jakinaren gainean ote zeuden.

Ikerketaren emaitzaren zain egongo direla adierazi du David Rodriguez Elkarrekin Arabako bozeramaileak. Akusazio «larriak» iruditzen zaizkio, ingurumen arloarekin zerikusia duen proiektu bat delako. Uste du hori dela «gakoa»: «Akusazioa egia balitz, argi geratuko litzateke ez dela gai kargu publiko bat betetzeko, baina are gutxiago ingurumenari dagokion bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.