Ramiro Gonzalezek atzo eskuratu zuen Arabako Foru Aldundiko aginte makila, eta ez du itxaron gobernu berria osatuko duten kideak aurkezteko. EAJk sei sail kudeatuko ditu, eta PSE-EEk, hiru. Bost lagun lehen aldiz arituko dira foru diputatu, eta, horien artean, nabarmentzekoa da Gorka Urtaranen presentzia. Jakinarazi dutenez, Gasteizko alkate ohia Arabako Gizarte Politiketako diputatua izango da.
Gonzalezekin batera, bost emakumek eta hiru gizonek osatuko dute Arabako Foru Aldundia. Ahaldun nagusiaren alboan, bi diputatuorde nagusi arituko dira: Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez eta EAJko Itziar Gonzalo de Zuazo. Biak ere aldundiko kide izan dira azken agintaldian, eta orain arteko sail berak kudeatuko dituzte. Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio diputatua izango da berriz ere, eta Gonzalo de Zuazo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu arduraduna. Foru diputatu gisa jarraituko duen laugarren gobernukidea Ana del Val sozialista da: Kultura eta Kiroletako diputatu izango da oraingoan ere.
Gainerako gobernukideak berriak izango dira. Gorka Urtaran, azken bi agintaldietan Gasteizko alkate izandakoa, Gizarte Politiketako foru diputatua izango da. Jone Berriozabal, berriz, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua. Hura Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordea izan da azken urteetan.
EAJren esku egongo dira beste hiru sail ere. Arraia-Maeztuko (Araba) alkate ohi Anartz Gorrotxategi Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako foru diputatua izango da, eta Amaia Barredo, berriz, Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko diputatua. Azken horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean egin ditu azken urteak, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde. Ekonomiaren Garapena eta Berrikuntza, berriz, Saray Zaratek kudeatuko du. Hura Gasteizko udal gobernuko kide izendatu zuen Maider Etxebarriak alkatetzara iristean, baina astebete iraun du Kultura, Hezkuntza eta Administrazioaren Modernizaziorako zinegotzi karguan.
PSE-EEk aldundian izango duen beste ordezkaria Jon Nogales da. Azken legealdian, sozialisten bozeramaile aritu da Arabako Batzar Nagusietan, eta Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatua izango da aurrerantzean.
Bizkaian, berriz, asteazkenean egingo dute inbestidura saioa, eta Elixabete Etxanobe (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu) eta Raquel Gonzalez (PP) ahaldun nagusi bihurtzeko hautagai izango dira. Halere, jeltzaleek eskura dute agintea, PSE-EEren babesarekin.
Arabako Gizarte Politiketako foru diputatua izango da Gorka Urtaran
Ramiro Gonzalezekin batera, EAJko sei kidek eta PSE-EEko hiruk osatuko dute foru aldundia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu