Arabako foru gobernuak eta EH Bilduk akordiorako oinarria lortu dute aurrekontuetarako

Asteazkenean EH Bilduren oinarriek berretsi beharko dute bozketa bidez, batzar batean. 33 milioitik gorakoak izango dira.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Eva Lopez de Arroiabe oposizioburua, eskuinean, behean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Eva Lopez de Arroiabe oposizioburua, eskuinean, behean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abenduaren 9a
13:00
Entzun

Arabako foru gobernuan gutxiengoan ari dira gobernatzen EAJ eta PSE-EE. Aurrekontuak aurrera ateratzeko, babesaren premian zeuden, eta EH Bilduk jakinarazi du modua emango duela Arabako Diputazioaren aurrekontu proposamenak aurrera egin dezan. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak aurretik eginak zituen akordiorako ahaleginak Elkarrekin-ekin eta PPrekin ere.

EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek eman ditu akordioari buruzko azalpenak gaur eguerdian, agerraldi batean. Esan duenez, 33 miliotik gorako diru sailak egokitzea lortu du tokiko erakundeek etxebizitza sozialak eta gazteentzakoak egiteko, mendialdean egoitza publikoetarako plazak sustatzeko, energia berriztagarrien atalean deliberazio prozesuak hasteko eta tokiko erakundeak finantzatzeko. «Politika publikoak birbideratzea lortu dugu aurrekontuen bidez», azaldu du Lopez de Arroiabek.

Asteazkenean EH Bilduren oinarriek berretsi beharko dute aurreakordio hori batzar batean, bozketa bidez. Ostiralean, Voxek jarritako osoko zuzenketa eztabaidatuko da batzar nagusietan; han ez du parte hartuko EH Bilduk. Datorren astelehenean eta asteartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta EH Bilduk 69 egin ditu. Haien bozketen ostean, Arabako foru gobernuak aurkeztutako aurrekontuei bide emango die.

Lopez de Arroiaberen ustez, lortu duten akordioa «ona da». Oposizioko lehen indarra izanda, gobernuaren aurkako jarrera har zezaketela azaldu du, baina erabaki dutela akordio baterako lana egitea, osterantzean PPrekin eta Voxekin ere akordioa egin zezaketelako. Eskuin muturrari bidea itxi diotelakoan eta Arabako politikak ezkerrerantz egitea lortu dutelakoan dago. «Baina argi utzi nahi dugu zera: hauek ez dira EH Bilduren aurrekontuak. EAJren eta PSEren aurrekontuak dira, eta gure taldearentzat ezinbestekoak ziren gaietan birbideratu egin behar ziren».

Etxebizitza soziala

Etxebizitza soziala sustatzeko programa bat abiatuko dute, proposatu dituzten zuzenketen bidez. Tokiko erakundeek etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak egin ahal izango dituzte landaguneetan. Azaldu duenez, programak hiru finantzaketa lerro irekiko ditu: alokairu sozialerako etxebizitzak erosteko bata, gazteentzako etxebizitza sustatuko duten etxebizitzak egokitzeko bestea, eta alokairu soziala sustatzeko etxeak egokitzekoa.

Hamar urteren ostean, Arabako mendialdean zahar etxeetan plaza publikoak sortzeko konpromisoa ere lotu dute, aurreakordioaren bidez. Gainera, lurraldeko etxebizitza komunitarioetan 24 orduko arreta egotea lortu dute: «Lehen urratsa da adineko pertsonei arta emateko, mendekotasun maila zeinahi dela ere». Lantalde bat ere sortuko da dependentzia mailaren balorazioa egiteko denbora murriztu dadin.

Trantsizio ekosoziala

EH Bilduk esan zuen aurrekontuetan neurriren bat islatu beharko zela trantsizio energetikoaren bidean. Eusko Legebiltzarrean onartutako Trantsizio Energetikorako Legean oinarrituta, datorren urtean deliberazio prozesu bat hastea adostu dute. 80.000 euroko aurrekontua gordeko dute horretarako. «Prozesu horren ondotik, argitu egin beharko dute, eta ordenatu, gure lurraldean energia berriztagarrien alorrean zer zabalkunde egin nahi duten, helburu egingarriak ezarrita, baina baita arrazoizkoak ere». Izan ere, kritikatu egin du gaur egun 60 proiektu handi egotea Araban. Berretsi egin du, esaterako, Solariaren proiektuen aurkako jarrera, 32 zentral fotovoltaiko aurreikusten baititu hark. 

Alor horretarako aurreakordioan jaso dutenez, 1,3 milioiko inbertsio bat eta 2,2 milioiko kreditu bat egongo dira energia komunitateen bidez energia berriztagarriak sustatzeko.

Begi onez ikusi dute 18 urtetik beherakoentzako garraio publikoa doan izatea ere; baita foru aldundiko jangeletan produkzio ekologikoa eta 0 kilometrokoa sustatzea ere, elikadura osasuntsua sustatzeaz gain lehen sektorean aldaketak eragin ditzakeelako.

Lehen sektoreari dagokionez, bi errolda sortzea adostu dute: bata, datozen urteetan galtzeko zorian dauden esplotazioekin; bestea, sektorean formakuntza hartzen ari diren gazteekin eta familiekin. 500.000 euro jarriko dituzte sektore horretan erabiltzeko.

Suhiltzaileen lantaldea pixkanaka handitzea ere adostu dute, 221era iristeraino 2027rako.

Tokiko erakundeentzako finantzaketan egin nahi zuen indar EH Bilduk. Adostu dute %0,72 handitzea tokiko erakundeei ematen zitzaien dirua, eta foru gobernuak tokiko finantzaketa hobetzeko proposamena 2025erako aurkeztea ere adostu dute. Kontzejuek plan estrategikoak garatzeko laguntza lerro bat ere adostu dute, herri txikien hustea geratzeko eta haien suspertzea bultzatzeko.

Jaurlaritza, Gipuzkoa eta Bizkaia falta; Nafarroa, itxita

Gipuzkoan EAJk eta PSEk ere gutxiengoan gobernatzen dute, eta beste talderen baten babesa behar dute. EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zien, hainbat elkarrizketen ostean. Eider Mendoza ahaldun nagusiak gidatzen duen gobernuari babesa emateko prest agertu da PP. Elkarrekin ere prest dago Gipuzkoarako aurrekontuak babesteko, PP baztertuz gero. Zein bidelagun aukeratzen duten ikusteko dago.

Bizkaian EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute, baina negoziazioak irekita daude oposizioko alderdiekin.

Eusko Jaurlaritzak ere gehiengoa du aurrekontuak aurrera ateratzeko. PPrekin eta Sumarrekin elkarrizketak izan ostean, osoko zuzenketak jarriko zituztela iragarri zuten oposizioko bi taldeek. EH Bildurekin negoziazioak irekita daude oraindik. Akordiorako, aste hau «giltzarria» izango dela esan du Pello Otxandiano EH Bilduko oposizioburuak. 

Nafarroako Gobernuak dagoeneko lotuta ditu 2025erako aurrekontuak. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak osatzen dute Maria Txibitek gidatzen duen gobernua, eta EH Bildurekin egin dute akordioa, hamargarren urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.