Arabako Foru Aldundiak dio ez dela «bideragarria» AP-68 autobidea doakoa izatea

2026ko azaroan amaituko da autobidearen kontzesioa, baina aldundiak ziurtatu du ordainpekoa izango dela ordutik aurrera ere. A-1 eta N-240 errepideetan kamioientzako bidesariak jarri nahi ditu.

AP-68 errepidea. RAUL BOGAJO / FOKU
AP-68 errepidea. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2025eko apirilaren 11
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

AP-68 autobidea ez da doakoa bihurtuko egungo kontzesioa amaitzean, hau da, 2026ko azarotik aurrera. Horixe baieztatu du gaur Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriko eta Azpiegituretako diputatu Jon Nogalesek. Aldundia ahalmen handiko bideak kudeatzeko eta finantzatzeko beste sistema bat prestatzen ari da azpiegitura hori mantentzeko, betiere erabat aurrekontu publikoaren mende egon gabe. «Arabarren zergak ezin dira izan gure errepideak kontserbatzeko eta modernizatzeko finantzaketa iturri bakarra», argudiatu du Nogalesek.

Hala, autobidearen kontzesioa bukatzen denean, kudeaketa pribatua alde batera utzi, eta aldundiak kontrolatuko du Araba zeharkatzen duen AP-68aren zatia, baina aurrerantzean ere ordaindu egin beharko da hura erabiltzearen truke. Hori bai, tarifak «nabarmen merkeagoak» izango dira gaur egungoak baino, Nogalesek jakinarazi duenez. Arabat foru sozietate publikoak kudeatuko du sare osoa, eta haren esku egongo da ordainketa eredua gainbegiratzea. Izan ere, Nogalesek ziurtatu duenez, «ez da bideragarria» errepidea bidesaririk gabe mantentzea.

Kamioientzat ere bai

Foru diputatuak Arabako Batzar Nagusietan egin ditu adierazpenak, han azaldu baitu zer ondorio atera dituzten gaitasun handiko bideak kudeatzeko eta finantzatzeko eredurik egokiena zehazteko eskatutako azterlan teknikoan. Azterlan horretan, planteatzen da kontzesioa amaitu ondoren ere eutsi egin beharko litzaiokeela ibilgailu arinentzako eta astunentzako bidesariei, egungoak baino tarifa «nabarmen apalagoak» jarrita betiere. Baliabide horiek Errepideen Foru Sarea kontserbatzeko eta modernizatzeko erabiliko lirateke.

Planak pizgarriak ere jasotzen ditu bidea maiz erabiltzen dutenentzat, eta baita deskontu bereziak ere ohiko gidarientzat. Aiaraldeko eskualdearen berezitasunak kontuan hartzeko aukera ere aipatzen da.

Gainera, beste berri eman du Noogalesek. Arabako Aldundiak iritziz aldatu du eta kamioientzako bidesariak jartzeko asmoa duela jakinarazi du, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala. A-1 eta N-240 errepideetan jarriko lituzke, 2027an. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.