Araba Euskaraz jaiak Arabako Errioxa euskalduna aldarrikatuko du

Oiongo San Bizente ikastola laguntzea da Olarizun ekainaren 16an ospatuko den jaiaren helburua. Oinez, bizikletan edo garraio publikoan joateko aholkatu dute antolatzaileek, ingurumena zaintzeko.

Araba Euskaz-en antolatzaileak, gaur, Gasteizen. ARABA EUSKARAZ
Araba Euskaz-en antolatzaileak, gaur, Gasteizen. ARABA EUSKARAZ
Maixa Utrera Puelles.
2024ko maiatzaren 29a
14:55
Entzun

Arte eszenikoz, dantzaz, musikaz, bertsolaritzaz eta magiaz beteko da Gasteizko Olarizu ekainaren 16an. Aurrez bi aldiz gertatu bezala, aurtengo Araba Euskaraz ere zortzi ikastolak antolatu dute, «eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean». Askotariko ikuskizunak, tailerrak, jolasak eta jokoak prestatu dituzte, adin guztieztako jendearentzat, baina, batez ere, haur eta nerabeentzat. 10:00etan abiatuko da jaia, Olarizuko etxaldearen ondoko auditorium begetalean. Ordutik aurrera, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango dituzte bertaratzen direnek. 

Oiongo San Bizente ikastola laguntzeko asmoa du aurtengo Araba Euskaraz-ek. «Oionen eta Arabako Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilera eremuak zabaltzeko baliatuko dugu jaia», adierazi dute antolatzaileek gaur, jaiaren aurkezpenean. Bestalde, IKA euskaltegia omenduko dute, Arabako Errioxako helduak euskalduntzeaz arduratzeagatik eskerrak emateko. 

Hiru gune prestatuko dituzte Olarizuko parkean: Lautada, Mendia eta Erreka. Batetik bestera mugituko dira gaiteroak, Gasteiz Kantuz, Arai erraldoien konpartsa eta Alt Maresmeko casteller taldea. Egun «gogoangarria eta zoriontsua» izan dadin, zenbait aholku eman dituzte antolatzaileek: Gasteizera joateko, garraio publikoa erabiltzea; ezinbestean autoa hartu behar dutenek Ansoleta eta Uritiasolo industrialdeetan aparkatzea; Gasteiztik bertaratuko direnak bizikletaz edo oinez joatea; eta etxetik edalontziak eramatea edo txosnetan eskura jarriko dituztenak berrerabiltzea.

GUNEAK

  • Lautada. Armentia ikastolaren eskutik, arte eszenikoak. Go!azen-en karaokea. Arabako ikastoletako ikasleen Mugaezin txoua!. Dantza Plaza. Zumba. Tailerrak eta jolasak: BERRIAren Txokoa, Argitxoren Txokoa, Eroski Elikadura Tailerra eta Makusi gunea.
  • Mendia.Dantza mugaezin euskal dantzen topaketa. Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik, Bertsotan saioa. Kontzertuak: Mirotz, Akerbeltz eta Eh, Mertxe taldeak. Tailerrak eta jolasak: Haurren basoa, eta Kaikuren Abestu, dantzatu eta sortu tailerra.
  • Erreka. Maria Arandiaren Magia eta mirariak familian ikuskizuna. Kontzertuak: Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik eta Malandro DJa. Euskaltelen masta puntakoa bizikletekin eta puzgarriak.

Urte osoko Araba Euskaraz

Jaia prestatzen hasi zirenetik, argi izan zuten Araba Euskaraz-ek ez zuela egun bakarreko jaia izan behar. Horregatik, ekainaren 16an Olarizun ospatuko den «amaiera jaia» ez ezik, beste hainbat ekitaldi egin dituzte 2024an, euskara Araba osora hedatzeko. Ekainaren 16koa da egiteko geratzen den bakarra.

2023ko urriaren 27an abiatu zituzten 2024ko Araba Euskaraz-ekin lotutako ekitaldiak, Oionen egindako aurkezpen jaiarekin. Abenduaren 4an eta 5ean Gazte Talent lehiaketaren finala antolatu zuten, Gasteizen. Urtarrilaren 14an, Go!azen 10 kontzertua egin zen Gasteizen, eta otsailaren 25ean, berriz, Araba Euskaraz-en Euskal Pilotako Topaketa, Oionen.

Oionen bertan Porrotx eta Marimotots izan ziren martxoaren 6an. Lau egun geroago, Ikastolak Herriari egitasmoan parte hartu zuten, Beskoitzen (Lapurdi). Apirilaren 10ean, Araba Euskaraz-en abestiaren aurkezpen kontzertua izan zen Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatearen fakultatean. Apirilaren 12tik 26ra, Araba Euskaraz Masters Series zesta-punta txapelketa egin zen, eta maiatzean, berriz, bi ikuskizun: Mugaezin jaialdia Oionen, eta Go!azen 10 kontzertua Amurrion.

«Urte oparo» baten ondoren, ekainaren 16ko jaiarekin emango diote amaiera Araba Euskaraz-en urteari, eta antolatzaileek ezin izan dituzte ahaztu bidean topatu dituzten horiek: «Ikastolon arteko komunitateari esker, elkarlanari eta auzolanari esker, beste elkarte eta erakunde batzuekin egindako lanari esker, eta babes ekonomikoa eman diguten erakunde eta enpresei esker atera da hau guztia aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.