Tren publiko eta sozialaren proposamenak Atlantikoko trenbide ardatzean jada martxan dauden, eraikuntza fasean dauden edo azterketa fasean dauden proposamenez bertzelako trenbide aukera bat planteatzen du. Izan ere, Garraioetako Ministerioak martxan jarri duen planteamendua abiadura handiko trenaren bezeroendako planteatuta dago, eta ez du kontuan hartzen merkantzien garraioa. 4.328 milioi euroko kostua izanen luke, tren sozialaren alternatibak baino 1.954 milioi euro gehiago.
Tren publiko eta sozialaren ereduak, bertzeak bertze, eremu konplexuenetarako alternatibak planteatzen ditu, erakutsiz teknikoki eta ekonomikoki posible dela leku horietan bertze modu batera lan egitea. Hala, proiektuaren sustatzaileek azaldu dute 50 geltoki lotuko lituzkeela beren planteamenduak, eta AHTarenak, berriz, bost hiri soilik –Gasteiz, Iruñea, Burgos, Miranda Ebro eta Castello–.
Proiektu alternatiboa babesten duten Nafarroako, Arabako eta Burgosko zenbait plataformak agerraldia egin dute gaur, Gasteizen. Bertan, txosten bat aurkeztu dute, zeina plataformen eta Renfe eta Adif enpresetan ordezkaritza duten sindikatuen akordioen emaitza den. Dokumentua bide, ubide eta portuetako ingeniari batzuek egin dute, eta, guztira, 270 kilometroko ibilbidea ikertu dute proiektua osatzeko. Eremu horren gainean proposatu dute tren sozialaren alternatiba –Arabako, Burgosko eta Nafarroako eremuak zeharkatzen dituzte trenbideek–.
Ikusi gehiago:Tren sozialaren aldeko finantzaketa kolektiboa abiatu dute
Alternatiba sustatu duten eragileen artean daude honako hauek: Nafarroa Trenaren Alde, Lautada Trenaren Alde, Arabako Haranak Trenaren Alde, Plataforma Por el Ferrocarril de Miranda de Ebro eta Bureba es Futuro.
Proiektua babesteko, azaldu dute zein abantaila dituen alternatibak bertze planteamenduko ibilbideekin alderatuz: bertzeak bertze, haien aukerak inbertsio txikiagoa eskatzen duela, ibilbide berri bat eraikitzeak baino ondorio gutxiago dituela ingurumenean, lehenago jartzen ahalko dela martxan eta mantentze kostuak apalagoak izanen direla.
Eskakizuna
Agerraldian, beren proposamena azaltzearekin batera, AHTaren proiektua bertan behera gelditzeko eskatu dute plataformek. Espainian orain arte garatu den trenbide eredua ere kritikatu dute, bidaiari profil jakin bati begira egindakoa dela argudiatuz.