Osakidetza

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroen %44k murrizketak izan dituzte udan

Osasun Sailaren arabera, hamalau zentro guztiz itxita daude, eta beste 33, partzialki. Gipuzkoako Medikuen Elkargoak salatu du osasun sistema publikoa «hondatzen» ari dela, eta EH Bilduk, berriz, «murrizketa handiak» egiten ari direla.

Osasun zentro bat, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 28a
13:42
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 150 osasun zentrotan murrizketak egin dituzte uda garaian. Horietatik 47 guztiz edo partzialki itxita egongo dira irailera bitarte. EH Bilduk egoera salatu du, osasun zerbitzu publikoak «ahuldu» nahi izatea egotzi dio Jaurlaritzari, eta ohartarazi du «planifikazio falta eta antolaketa arazoak» daudela.

Koalizioak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako galderei erantzunez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du hiru lurraldeetako 335 zentroen %95 funtzionamenduan daudela. Izan ere, Jaurlaritzaren esanetan, hamalau zentro itxita daude uda garaian; ekainaren 22tik irailaren 22ra bitarte —gutxi batzuk lehenago irekiko dituzte—. Jaurlaritzaren esanetan, «astean ordubetez edo bi orduz zerbitzua» eman ohi dituzten zentroak dira gehienak: Tolosaldeko ESI erakunde sanitario integratuko 11 zentro eta Barrualdea-Galdakao ESIko hiru. Horrez gain, beste 33 zentro «partzialki» itxiko dituzte.

Hogei zentrotan, erizainak soilik

Irekita mantenduko dituztenen artean ere ordu murrizketak egin dituztela iragarri dute. Gehienetan, itxiera ordua aurreratu dute, 20:00etatik 17:00etara, edo 17:00etatik 15:00etara. Hogei zentrotan, gainera, ez da medikurik ari lanean; erizainak soilik daude.

Osasun Sailak dio aurreikuspen horiek «bajen eta lanerako itzuleren arabera» moldatzen ari direla. Halere, EH Bilduk salatu du «murrizketa handiak» egin direla eta, orotara, zentroen %44ri eragiten dietela. «Azken batean, Gotzone Sagardui aitortzen ari da murrizketak egon badaudela. Egia da egoera hau ohiko bilakatu dela urtero uda sasoian, baina aurten murrizketak nabarmen areagotu dira», adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

Koalizio subiranistaren ustez, gertatzen ari dena «bereziki larria» da, COVID-19aren pandemiarekin egoera are gehiago ahuldu baita. «Lehen arreta Osakidetzarako sarbidea da, eta inoiz baino beharrezkoagoa da sarbide hori erraztea, baina, horren ordez, Osasun Saila ate hori gehiago ixten ari da», salatu du Uberak.

Medikuen bilera eskaria

Carmen Solorzano Gipuzkoako Medikuen Elkargoko burua ere kezkatuta agertu da. Osagileak «muga-mugan daude, inolako motibaziorik gabe», haren hitzetan, eta, lehen arretan bezala, ospitaleetan ari da gertatzen hori. Osasun sistema «hondatzen» ari dela adierazi du, eta udan okertu egin dela hori, eta pazienteen arretari kalte egiten ari zaiola, azkenean.

Arazoak zerrendatu ditu elkargoak: «Medikuen falta osasun etxe batzuetan, beste zentro batzuk ixtea, kontsultarako edo ebakuntzetarako itxaron zerrendak, pazienteak zentro batzuetatik beste batzuetara bideratzea. Arazoak pilatzen doaz, eta ematen du inork ez duela ezer konpontzeko borondaterik». Osasun Sailari bilera bat eskatu dio elkargoak, arazo horiei buruz aritzeko: «Medikuak falta direla esaten da askotan, baina oraingo medikuak ere ez dira batere zaintzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.