Udal eta foru hauteskundeak egin eta bost egunera, horiei buruzko inkesta bat argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Horren arabera, galdekatutako herritarren %76k "oso positibotzat" edo "gehienbat positibotzat" jotzen dituzte udal hauteskundeetako emaitzak, eta %78 dira emaitzekin gustura daudenak Batzar Nagusietarako hauteskundeen kasuan.
Herritarren %72k "interes handia" edo "nahikoa" zuten hauteskundeekiko, baina %59k "noizean behin" edo "inoiz ez" zuten jarraitu kanpaina. Interesa 2015eko udal eta foru hauteskundeekin erakutsitakoa baino dezente altuagoa izan da (orduan %56koa izan zen) eta Espainiako Gorteetarako apirileko bozena baino zertxobait baxuagoa (%79koa izan zen).
Soziometroak erreparatu dio botoa emateko orduan gaiek duten garrantziari ere: foru hauteskundeetan, herritarren %42k beren herrialdeko gaien arabera eman zuten botoa, eta %41ek, Euskal Autonomia Erkidegoko agendarekiko. Portzentajeak, ordea, ezberdinak dira udal hauteskundeetan botoa ematerakoan; izan ere, tokiko gaiak erabakigarriak izan ziren %67 herritarrek botoa ematerakoan.
Behin hauteskundeak igarota, %95 herritar "konforme" daude emandako botoarekin. %77k "konbentzituta" eman zuten botoa foru hauteskundeetan, eta %69k adierazi dute konbentzimendu hori udalerako botoa ematean.
Joan den astelehenean eta asteartean 880 herritarri galdetuta egin dute inkesta.