Astelehenean dira ikasgeletara itzultzekoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Gehienak, ordea, ez dira egun horretan itzuliko ikasgelara. Izan ere, institutuen %20 inguru eta Lanbide Heziketako ikastetxe «gehienak» irekiko dituzte astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak iragarri duenez.
Berez, joan den astelehenean ziren itzultzekoak hainbat mailatako ikasleak, baina Eusko Jaurlaritzak hasiera astebete atzeratzea erabaki zuen. Hain zuzen, maiatzaren 7an iragarri zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskolak maiatzaren 18an –joan den astelehenean– irekitzeko asmoa. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ziren hastekoak egun horretan, baita Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak ere. Astebete geroago, maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzultzea espero zuten. 0-1 urteko haurrentzako haur eskolak irekitzeko aukera ere zabaldu zuen Uriartek. Sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak; «aldebakarreko» erabakiak hartzea leporatu zioten Jaurlaritzari, eta aurreratu zuten protesta egin eta irakasleak ez zirela ikasgelara itzuliko segurtasun baldintzak bete ezean.
Gero, Jaurlaritzak zehaztu zuen ikastetxeek «autonomia» izango zutela itzuleraz erabakitzeko. Hala ere, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak mezua argia bidali zion Jaurlaritzari: «Lehenengo fasean eskolez esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea». Haren hitzetan, hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Itxasok nabarmendu zuen arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira ez dagoela arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi izanez gero. «Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak».
Astelehenean ikasgelara itzultzeko, hainbat baldintza bete beharko dituzte. Besteak beste, ikasleak gehienez bost orduz egongo dira eskolan; gehienez hamabost ikasle egongo dira ikasgela bakoitzean; sarrerak eta irteerak mailakatuak izango dira; maskara jantzita eduki beharko dute; distantziak mantendu... Sindikatuek atzo ohartarazi zuten ikastetxez ikastetxe aztertuko dutela egoera, eta, ikastetxeren batean osasun neurriak bermatzen ez badira, «euren esku dauden tresna guztiak» abian jarriko dituzte, ikastetxe horretako langileek lanera ez joateko aukera izan dezaten, «langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko». Iragarri dute sindikatuen arteko jarraipen batzorde propio bat sortuko dutela eta langileen eta ordezkarien esku jarriko dutela osasun neurrien inguruko galdetegi bat. «Osasun neurriak betetzen ez badira edo osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzak identifikatuz gero, sindikatuokin harremanetan jarri eta osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte beharrezko mobilizazio eta ekinbideak abian jarriko ditugu, greba aukera barne».