Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak euren probintzian zehar mugitu ahalko dira

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat argitaratuko du bihar, eta astelehenean sartuko da indarrean. Aukera hori badute Nafarroan joan den astelehenetik.

Errepideko kartel bat, Eibarren. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 15a
18:04
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bizilekua duten udalerrira eta ondokora mugatuta zuten mugikortasuna, baina probintzia osoan mugitu ahal izango dira datorren astelehenetik aurrera. Jaurlaritzak dekretu bat argitaratuko du bihar Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, eta astelehenean sartuko da indarrean.

Hego Euskal Herriko lau herrialdeak igaro ziren deskonfinamenduaren 1. fasera joan den astelehenean, baina Jaurlaritzak muga handiagoak ezarri zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainiako Gobernuaren arabera, 1. fasean, herritarrek beren probintzian zehar mugitu daitezke, eta hala egin dezakete Nafarroan. Baina mugikortasun hori bizilekuko udalerrira edo albokora mugatu zuen Jaurlaritzak, lanera edo erietxera joateko ez bazen. Astebete geroago, ordea, muga hori kenduko du.

Jarduera fisikoa egiteko ere, probintzia izango da muga fisikoa astelehenetik aurrera, segurtasun eta osasun neurriak errespetatuta. Gainera, probintzia osoko herritarrak joan ahalko dira udalerri batean dauden kudeaketa pribatuko kirol instalazioetara.

Ohar batean, Jaurlaritzak azaldu du koronabirusaren izurriaren bilakerak erakusten duela positibo kopuruaren beheranzko joera bat aurreko asteekiko. Horregatik, Jaurlaritzak uste du unea iritsi dela «mugikortasun arduratsua berreskuratzeko». Ondoko udalerria beste probintzia batean duten kasuetan, berriz, berdin jarraituko dute; alegia, Eibarko (Gipuzkoa) herritarrak Ermura (Bizkaia) joan ahalko dira, adibidez.

Jaurlaritzak erantsi du lanean jarraitzen duela 1. Fasetik bigarrenera igarotzeko. Pauso hori hilaren 25ean egingo luke, Espainiako Gobernuak onartuz gero. Horretarako, hiru parametro aintzat hartuta ari dira lanean: «Osasun agintarien irizpideak zorrotz betetzea, normaltasun esparruak berreskuratzen jarraitzea eta prebentzio neurriekiko konpromiso sozialari eustea, erlaxazioa eragin lezakeen klima sozial bat saihesteko».

Ildo horretan, Jaurlaritzak gogorarazi du beharrezkoa dela herritarren artean bi metroko distantzia gordetzea eta garbiketa neurriak zorrotz betetzea.

Nekane Murga Osasun sailburuak ere esan du lanean ari direla bigarren fasera igarotzeko. Pandemiaren bilakaera ona bada eta kutsatu kopurua berdin mantentzen bada Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2. fasera pasatzeko eskatuko duela aurreratu du goizean egindako prentsaurrekoan. Azken datuak «onak» direla nabarmendu du Murgak eta egun dagoen egoerarekin konfinamendua arintzeko modua izango dela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.