Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte

Etxeratze agindua ezarri dute Hego Euskal Herrian 23:00etatik 06:00etara. Bihar sartuko dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurriak. Nafarroako Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez direnak etxeetan elkartzea.

Nafarroako ostalaritza itxita, astean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 26a
18:22
Entzun

Neurri gogorrak hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Garrantzitsuena mugikortasunari lotutakoa izango da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ezingo dira euren herritik atera. Hainbat salbuespen ezarri dituzte, eta mugitzeko aukera egongo da, besteak beste, kasu hauetan: osasun arta jasotzeko; botikak erosteko; lan egiteko; ikasteko; adinekoak, adingabeak edo menpekotasunen bat dutenak zaintzeko; eta ekintza horiek egiteko ibilgailuari erregaia botatzeko. «Ohiko igarobideko» udalerri mugakideetara ere joan ahal izango dira, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta lurralde horietara sartzea ere debekatuta egongo da, orain arte Nafarroarekin gertatzen zen bezala. Herritarrek, lanera doazela ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzak enpresen eskura utzi duen dokumentu bat eduki beharko dute.

Eremu publikoan eta pribatuan elkartzeko aukera ere murriztu du Eusko Jaurlaritzak: gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, eta elkarrekin bizi diren pertsonak izango dira salbuespena. Dekretua gaur bertan argitaratzea espero dute, eta horrela bada, bihar 06:00etan jarriko dute indarrean. Neurrien jarraipena eta «etengabeko ebaluazioa» egingo dute gehienez hamabost eguneko epean, eta neurriak, luzatu, aldatu edo bertan behera utzi ahal izango dituzte. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du neurrien berri. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera «arduratzeko modukoa» dela nabarmendu du.

Etxeratze agindua izango da beste aldaketa nagusietako bat Hego Euskal Herrirako: herritarrak ezingo dira kalean ibili 23:00etatik 06:00etara. Salbuespen batzuk ezarri dituzte: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko, eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. 00:00etatik 06:00etara ez da garraio publikorik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ostalaritzari dagokionez, gune gorriizendatu dituztenetan izango da aldaketa bakarra: 21:00etan itxi beharrean, 23:00 arte luzatu ahal izango dute ordutegia. Izan ere, bertan behera geratuko dira orain arteko neurriak.

Nafarroako Gobernuak ere dagoeneko zehaztu ditu herritarrek izango dituzten mugak. Besteak beste, debekatu egin dute batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea. Soilik bakarrik bizi direnek eta mendekotasunen bat dutenek izango dute horretarako aukera. Eremu publikoan, berriz, gehienez sei lagun bildu ahal izango dira.

Kasuen gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak hainbat neurri hartu dituzte azken egunotan. Aurreko asteko asteazken gauerditik Nafarroako sarrera-irteerak itxita daude, eta lanagatik, ikasketengatik edo senide baten zaintza arrazoiengatik soilik sartu edo atera daiteke lurraldetik. Gainera, tabernak eta jatetxeak ere itxi egin zituzten. Eusko Jaurlaritzak, berriz, neurri arinagoak hartu ditu orain arte, eta gaur gogortu egin behar izan ditu.

Espainiako Gobernuak ere hartu ditu Hego Euskal Herriko herritarrei zuzenean eragiten dieten neurriak. Atzo alarma egoera onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta horrekin batera, baita mugikortasuna mugatu ere, 23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua ezarriz. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erkidego bakoitzaren esku utzi zuen etxeratzeko ordua ordubete aurreratzea edo atzeratzea. Erabaki «orekatuak eta proportzionatuak» hartuko dituztela adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Laguntza eske

Neurri murriztaileak ezartzearekin batera, EH Bilduk azpimarratu du beharrezkoa dela laguntzak ematea gehien kaltetutako sektoreei. «Oraindik ez da horrelakorik gertatu, ezker subiranistak bere jarduera parlamentarioan egiaztatu duen bezala», salatu dute.

Koalizio abertzalearen hitzetan, argi dute osasunak izan behar duela lehentasuna horrelako «larrialdi egoera» batean. Neurri murriztaileekin soilik egoera konponduko ez delakoan daude, eta eskatu dute osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzeko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu diote «ahalik eta lasterren» sortzeko sektorearteko mahai bat, eragile instituzionalek, politikoek, ekonomikoek, sozialek eta sindikalek parte har dezaten, adituekin batera, «irtenbide guztiak denen artean bilatzeko».

Ildo beretik jo du Elkarrekin Podemosek ere. Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak «erabateko babesa» erakutsi du, baina, neurri ekonomikoak eskatu ditu, galerei aurre egiteko.

PSE-EEko legebiltzarkide Idoia Mendiak neurrien beharra azpimarratu du, baita elkarlanerako deia egin ere. Mendiaren arabera, erakundeak elkarrekin lan egiten ari dira, eta alderdi politikoei mintzatu zaie: «Indar politiko guztiei dei egiten diet arduraz jardutera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.