Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegiek zortzi hilabeteko atzerapena dute lan kargari dagokionez

Zibil arloko eta zigor arloko auzitegietan dago atzerapenik handiena, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak jakinarazi duenez. Letraduen grebak ez du egoera arintzen lagunduko, haren esanetan.

Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko martxoaren 22a
13:50
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegietan hiru eta zortzi hilabete arteko lan atzerapena dago, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak gaur jakinarazi duenez. Zigor arloko epaitegietan hiru hilabeteko atzerapena dago, batez beste; gizarte arloko epaitegietan, berriz, zortzi hilabeteko lan pilaketa dute, 2021 hasieran baino hilabete bat gehiago; zibil arloko epaitegietan sei hilabeteko atzerapena dute, eta Administrazioarekiko auzietako epaitegietan, berriz, bost hilabetekoa. Eusko Legebiltzarrean izan da gaur Subijana, EAEko Justizia Auzitegiaren memoria aurkezteko, eta azaldu du lan pilaketak justizia sistema guztiari eragiten diola, baina bereziki zibil arloko epaitegietan nozitzen dutela, hau da, «herritarren arteko liskarren» inguruan ebatzi behar duten arloetan. Gaur egun, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko zibil arloko epaitegietan dago lan atzerapenik handiena, eta badago hori azaltzen duen arrazoi bat: Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak epaitegi bakoitzarentzat zehaztua duen lan karga baino heren bat gehiago jasotzen dutela epaitegi horiek, Subijanak jakinarazi duenez. Justizia Administrazioko letraduek urtarrilean hasitako greba mugagabeak egoera okertu dezakeela onartu du, gainera.

Lan atzerapena arintze aldera, bi helburu ezarri dituzte: epaiketa azkarrak garatzea eta espediente judiziala orokortzea. Horrekin batera, aurrera begira dituzten hainbat erronka aipatu ditu Subijanak: besteak beste, desgaitasunen bat duten pertsonentzat justizia «eskuragarri» egin nahi dute, eta indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetu. Sexu abusuen biktima diren adingabeen arretari dagokionez, Barnahus proiektuaren garrantzia azpimarratu du Subijanak: adingabeei «arreta integrala» emango zaie, eta han jasoko dute sexu abusuen biktima izan den haurraren testigantza, gerora aurretiazko froga osatuko duena. Gasteizen irekiko dute haurrak laguntzeko lehen etxea, urte amaieran, eta ondoren beste bi lurraldeetara ere zabalduko dute egitasmoa.

Justizia euskalduntzea ere bada aurrera begira ezarritako helburuetako bat. EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak azaldu du azken urteotan gora egin duela epaile elebidunen kopuruak, ez zekitenek euskara ikasi dutelako eta belaunaldi gazteagoek hartu dutelako erreleboa. Hala ere, onartu du euskara «gutxi» erabiltzen dela justizian, eta lan handiagoa egin behar dela arlo horretan. Horretarako, abokatuak, fiskalak eta idazkariak euskalduntzea beharrezkotzat jo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.