EAJk eta EH Bilduk bat egin dute berriro erabakitzeko eskubidearen eskaeran, oraingoan Araban. Aurrena Gipuzkoan eta ondoren Bizkaian egin zuten moduan, lurralde horretako Batzar Nagusiek erdibideko zuzenketa bat onartu dute alderdi abertzaleen botoei esker, non eskatzen baita «Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanaren estatus politiko berriak elementu berezi eta nagusi gisa» hartu beharko dituela «Euskadi nazio gisa aitortzea» eta «erabakitzeko eskubidea».
Jeltzaleek eta bilkideek adostu duten idatziak dio aitortza berri batek «nazio bateko kide izatearen sentimendua» jaso beharko duela, eta «aniztasuna errespetatu». Edonola ere, abertzaleek aurrera atera duten eskaera oso argia da erabakitzeko eskubidearen inguruan, Gipuzkoan eta Bizkaian izan den bezain argia: «Euskal Herriaren eskubide historikoen erabateko egikaritza» eskatzen du, eta zehazten du «demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bitartez» azaleratzen dela.
Halaber, aldebikotasuna eskatzen du «Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanetan», eta hori horrela izango dela bermatzeko «funtsezkotzat» jotzen du errespetu instituzionalean oinarritutako «berme sistema bat gauzatzea». Hau da, «egungo autogobernuak Euskadi-Estatua esparrua gainditu» behar duela zehazten du eskaera instituzionalak.
Estatutua osatzeko eskaera
Gernikako Estatutua «bere osotasunean» bete dadila eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek: «Esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzea, eskumen kopurua handitzea, indarrean dagoen estatutuan aurreikusitako eskumen guztiei dagokienez, eta eskumenen katalogo propioan sartzea euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezkoak diren eskumen guztiak».
Gipuzkoan eta Bizkaian gertatu zen moduan, EH Bilduk eraman du erabakitzeko eskubidearen mozioa Arabako Batzar Nagusietara, eta EAJrekin adostu du erdibideko zuzenketa bat. Aurrera atera da biek batera ganberan dituzten 27 botoei esker. Hemeretzi ezezko egon dira, PSE-EE, PP eta Voxenak, eta bi abstentzio, Elkarrekin Arabarenak.
EAJko eledun Iñaki Ruiz de Galarretak «ongietorria» egin dio EH Bilduri, «Gernikako Estatutuaren defentsan» ari ei delako orain. Esan du jeltzaleak «beti» egon direla «1979tik 2024ra arte euskal gizarteak izan duen eboluzioa ahalbidetu duen sistemaren defentsan»: «Orain, 45 urte igaro eta gero, ohartu dira estatuak balio duela». Ruiz de Galarretak ozen esan du estatutuak «osorik» egon beharko lukeela aspaldian, eta «aurrera egiteko garaia» dela, «beste lurraldeetan onartutako mozioekin lerrokaturik».
Jauzi kualitatiboa
EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabe «pozik eta itxaropentsu» agertu da akordioa dela eta: «Baldintza berriak sortzeko unea da, gehiengo sozialarekin, euskal gizartearekin eta gehiengo herrikoi eta demokratikoekin. Horregatik lortu nahi izan dugu akordio bat, ganbera honetako gehiengoa eta, beraz, Arabako gizartearen gehiengoa ordezkatuko duena, entzuten zaigun lekura eraman dezagun». Bilkideak esan du egungo autonomia estatutua «agortuta» dagoela. «Ez diogu uko egiten eskumen guztiak lortzeari», argitu du, baina «jauzi kualitatibo bat» eman behar dela azaldu du. «Egin beharreko urratsak behetik gora egin behar dira: lurraldean, herrialdean, gure artean akordio demokratikoak lortuz eta estatuari helarazita», esan du, estatus berria lortzeko bide gisa.
PSEk ezekoa eman dio «EAJren programa politikoari», Juan Mari Lopez Ubierna batzarkideak esplikatu duenez. Hitz gogorrak izan ditu bozeramaile sozialistak, gogoratu baitu Arabako ganberan «gehiengo konstituzionalista» egon dela urte askoan eta PSE-EEk beti eutsi diola Gernikako Estatutuari Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin loturak desegin gabe. «Egin genezakeen lurralde bakarreko erkidegoa eta ez genuen egin», adierazi du, garai bateko Unidad Alavesaren helburu nagusia ganberara eramanda.
«Abentura independentistak»
PP «abentura independentistei» buruz aritu da, eta horrek ei «dakarren frustrazioaz». Ibarretxe planak «nola bukatu zuen» gogoratu du Iñaki Oiartzabal batzarkideak, baita «Kataluniako proces-ak nola bukatu duen» ere. Ezezkora jo duten guztiek bezala, leporatu dio EH Bilduri hauteskunde kanpainan «ezkutatu» egin zuela «independentziaren gaia», eta esan du abertzaleek dituzten boto emaile guztiak ez direla ados egongo orain plazaratu den estatus berriaren eskaerarekin.
Akusazio hori bera ere egin dio koalizio subiranistari Elkarrekin Arabako eledun David Rodriguezek. Ziurtatu du «Ahal Dugu-ren bide orrian» egindako kanpaina egin zuela EH Bilduk, eta ez zela erabakitzeko eskubideaz aritu. Lopez de Arroyabe bilkideen bozeramaileak ukatu egin ditu akusazio horiek, eta eskatu du ez hartzeko arabarrak «inozotzat». Era berean, Elkarrekin Arabako batzarkideari eskatu dio ez aldentzeko hainbeste bere koalizioak Espainian duen posiziotik, eta PSEko Lopez Ubiernari, berriz, esan dio «oso urrun» dagoela Salvador Illarengandik eta Pedro Sanchezengandik.
Ortuzarren elkarrizketa sorta aurrera doa
EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegik berretsi du aurrera doala haren alderdiko presidente Andoni Ortuzar egiten ari den elkarrizketa sorta, estatutu berriaren inguruan. «Erritmo onean» doaz elkarrizketak, baina horien inguruan oso informazio gutxi azaleratu da, alderdiak diskrepzio handiarekin ari direlako estatus berri bat jasoko lukeen balizko akordio baten lehen oinarriak josten. Diez Antxustegik esan du «akordioa dagoenean» oinarri hori Eusko Legebiltzarrera igorriko dutela «han lantzeko».