Arabako Batzar Nagusiek atzera bota dute EH Bilduk zerga berrikuspenari jarritako osoko zuzenketa

EH Bilduk eta Ezker Anitzak egin dute osoko zuzenketaren alde, proposamena «ukitu» hutsa delakoan. EAJk, PSE-EEk eta Ahal Dugu-k, berriz, hura defendatu dute.

Lopez de Arroiabe, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lopez de Arroiabe, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 26a
15:35
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJk eta PSE-EEk Ahal Dugu-rekin sinatutako akordioa badoa aurrera, eta Arabako Batzar Nagusiek atzera bota dute EH Bilduk zerga berrikuspenari aurkeztutako osoko zuzenketa. Koalizioak soilik Ezker Anitzako ordezkariaren babesa izan du. Hala, baieztatu da Ahal Dugu-ren eta bere koaliziokideen arteko haustura. Izan ere, Ahal Dugu-k zuzenketaren kontra egin du, EAJ, PSE-EE, PP eta Voxekin batera.

Arabako Foru Aldundia babesten duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, 51 batzarkideetatik 24 dituzte Batzar Nagusietan. Beraz, ezinbestekoa dute beste alderdi baten babesa zerga berrikuspena onartzeko. Ahal Dugu-k baieztatu zuenez, haiek bozkatuko dute alde, eta, ondorioz, 26 baiezko jasoko ditu berrikuspenak: gehiengo osoa. Beraz, lehen urratsa egin dute zerga berrikuspena onartzeko: EH Bilduren osoko zuzenketa atzera botatzea.

EH Bilduk salatu du zerga berrikuspenak ez duela egiturazko aldaketarik eragingo, eta, ondorioz, 2017an PPrekin adostutako oinarriari eutsiko zaiola. Eva Lopez de Arroiabe eledunaren ustez, aldundiaren proposamena ez baita erreforma bat, ezta berrikuspen bat ere: «Ukitu hutsak besterik ez dira».

«Ukitu fiskal bat» da, Jose Damian Garcia-Moreno Ezker Anitzako ordezkariaren ustez ere, eta nabarmendu du Ezker Anitzak eta Equok ez dutela parte hartu hura adosteko negoziazio prozesuan: «Ez da gardentasunik egon, ezta seriotasunik eta errespeturik ere», egotzi dio Ahal Dugu-ri.

Hain zuzen, alderdi moreko David Rodriguezek adierazi du «egiturazko erreforma bat» behar dela, eta gehitu aurrera aterako dena ez dela eurek babesten dutena. Halere, esan du «talaiatik plazara» jaitsi behar dela, eta argudiatu du «egitura fiskal kontserbadorea» aldatzen hasteko urrats bat dela.

EAJk eta PSE-EEk, berriz, sendotasun handiagoz defendatu dute zerga berrikuspenerako proposamena, eta EH Bilduren osoko zuzenketa kritikatu dute. EAJko Joseba Iñaki Ruiz de Galarretaren ustez, zuzenketa «interes alderdikoi» baten ondorio da, eta ez du bat egiten herritarren beharrekin. Jesus Maria Lopez PSE-EEko kideak, berriz, nabarmendu du «orain eta hemen» egin behar dela aldaketa, eta hori sustatu dutela.

PPk eta Voxek ere osoko zuzenketaren kontra egin dute, baina beste arrazoi batzuengatik. PPko eledun Iñaki Oiartzabalen esanetan, zerga berrikuspena akordio txar bat da: «Zigor bat enpresentzat, erdiko klasearentzat eta pentsiodunentzat». Hala, «ezkerraren markoa» erostea egotzi die jeltzaleei.

Osoko zuzenketa baztertuta, orain zuzenketa partzialen inguruko eztabaidari ekingo diote batzordean. Gipuzkoan ere antzekoa da egoera, eta han ere emaitza bera izatea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.