Eusko Alkartasuna

Arabako auzitegiak EAri buruz emandako ebazpenak ez du ondorio praktikorik, Eba Blancoren esanetan

Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenak ez du eraginik izango, EAren Nazio Batzorde Eragile berria aukeratzeko kongresua martxan dagoelako, EAko idazkari nagusiaren esanetan.

Eba Blanco, agerraldian. BERRIA
2021eko uztailaren 24a
17:26
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren ostean agerraldia egin du Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak, Eba Blancok, Gasteizen. Alboan izan ditu Iker Ruiz de Egino EAko Exekutiba Nazionaleko bozeramailea eta Rikardo Burutaran, Donostian zinegotzia izateaz gain, EA defendatu duen abokatua, Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa eta Mikel Goenagaren kereilan.

Blancok adierazi du ebazpenak ez duela orain arteko ildoa aldatuko, barne prozesua martxan dagoelako datorren martxoan kongresua egiteko. Horrenbestez, uste du sententziak ez duela ondorio praktikorik: «EAren kongresua jada martxan dago. Prozesua abian da, eta otsailean edo martxoan amaituko da kongresua, non EAko afiliatu guztiok Exekutiba Nazional berria aukeratuko dugun demokratikoki».

Alderdi barruko kritikoekin elkarrizketarako prestasuna beti izan dutela esan du: «Ni beti nago prest hitz egiteko, baina ez irainak aguantatzeko. Bitxia da elkarrizketa eskatzea eta aldi berean besteari modu totalitarioan eta maltzurkeriaz jokatzea leporatzea. Ez dirudi eskaintza hori oso zintzoa denik, are gutxiago jakinda Nazio Batzorde Eragileak zentzu horretan egin dizkien dei guztiei bizkarra eman dietela».

Hala erantzun die ordu batzuk lehenago Maiorga Ramirez Eusko Alkartasuneko sektore kritikoko buruak Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean hitz egiteko prest dagoela esan izanari Elkarrizketarako mahai bat eskatu dio Eba Blancok gidatzen duen sektore ofizialari, «barne demokrazia bermatzeko». Esan duenez, bi sektoreen arteko elkarrizketa bideak itxita daude gaur-gaurkoz.

Ramirezek esan du ez dutela EH Bildurekin haustura aurreikusten: «Koalizioak gure ekarpen sozialdemokrata eta giza eskubideen aldeko erabateko defentsa behar ditu. Ez dugu beste aukerarik planteatzen».

Blancok ere defendatu du EAren funtzioa EH Bildun: «EAn ez dut inor ezagutzen alderdia desegin nahi duenik. Hori ez dago inoren buruan eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Denak ez du balio. Nik EA indartsu bat nahi dut EH Bildu gero eta zabalago eta indartsuago batean. Horren alde egiten dut lan. Nik ez dut EAren garrantzia eta eragina dauzkagun kargu eta postuen arabera neurtzen. Politikaren ikuspegi interesatu hori oso murritza da eta jendearengandik urruntzen gaitu gainera. Ez dut uste inork, zintzoki, zalantzan jar dezakeenik EAk EH Bilduren eguneroko politiketan duen eragina».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.