Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du erretiratu egingo dituztela Biltzar Nagusietan aurkeztu zituzten 2024rako aurrekontuak. Esan du azkenera arte negoziatzen aritu direla Elkarrekin-ekin eta PPrekin, baina ez dutela lortu akordiorik egitea. EAJ eta PSE-EEren artean 51tik 24 biltzarkide dituzte, ez dute gehiengorik, eta talderen baten babesa behar zuten.
Gonzalezen esanetan, ez dute akordiorik egin legebiltzarrerako hauteskundeen gertutasunak baldintzatu duelako alderdiekin adostasunak lortzea, eta Elkarrekin-Podemosen oinarriek azken unean ez dutelako babestu jadanik egina zuten aurreakordioa. «Harritu egin gaitu Elkarrekin-en azken uneko ezetzak, aurrekontuen baldintzetan adostuta geundelako; beraz, ezezkoaren arrazoiak ez dira izan aurrekontuengatik».
Alderdi Popularrarekin, herenegun bertara arte elkarri proposamenak egiten aritu dira; «baina atzo bertan PPk esan zigun ez zela posible izango negoziazioa. Iruñeko gaia sortu da, eta egoera politikoak ez du erraztu akordioa».
EH Bilduri dagokionez, esan du ez duela sekula eduki borondaterik akordiorako: «Euren hauteskunde programa onartzea nahi zuten».
Horrenbestez, Gonzalezek iragarri du 2023ko aurrekontuak luzatuko dituztela, eta lasaitasun mezu bat eman du, proiektu nagusiek ez dutelako etenik izango. Besteak beste, aipatu du ardoa ikertzeko egoitza eraikitzen segituko dutela —Drink & Wine campusa— eta gizarte politikak sustatzen jarraituko dutela.
«Porrot politikoa»
Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko eledunaren esanetan, aldundiaren «porrot politikoa» da akordiorik ez lortu izana. «Ez dute ulertu ziklo aldaketa; gehiengo osoa galdu dute, eta ez dute onartu elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa behar dutela oposizioko indar nagusiarekin». Etorkizunean elkarrizketa bideak irekitzera deitu ditu Lopez de Arroiabek EAJ eta PSE-EE, «oraingo honetan uko egin diete eta».
Lau ardatzen gainean egin nahi zituen akordioak EH Bilduk: fiskalitatea, ongizate soziala, erronka ekosoziala eta lurralde oreka. «EAJk eta PSE-EEk ez diote sekula erantzun proposamen horri. 11 milioi euroko proposamena zen, eta ez du aldundiaren erantzunik jaso». Lopez de Arroiaberen esanetan, aurrekontuak ez berritzeak erronka estrategikoak atzeratuko ditu.