Arabako aldundiak hamar milioi eurorekin osatu nahi ditu luzatuta dauzkan aurrekontuak

EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak beste talde baten babesa lortu beharko du Batzar Nagusietan foru arauaren proiektua onartzeko. Ramiro Gonzalezek esan du jada hasi dituztela elkarrizketak.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan. DAVID AGUILAR / EFE
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan. DAVID AGUILAR / EFE
aitor biain
2024ko maiatzaren 24a
11:10
Entzun

Arabako Foru Aldundiak luzatuta dauzka 2023ko aurrekontuak. Gutxiengoan den Ramiro Gonzalezen gobernuak ez zuen babes nahikorik lortu Batzar Nagusietan, eta, ondorioz, erretiratu egin behar izan zuen 2024rako ondutako proposamena iazko abenduan. Ahaldun nagusiak argudiatu zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen gertutasunak baldintzatu zuela alderdiekin adostasunak lortzea. Bada, ziklo hori pasata, foru arauaren proiektua onartu du gobernuak orain, indarrean diren aurrekontuak «osatzeko».

Atzo onartu zuen proposamena gobernuak ezohiko gobernu bileran, eta gaur jakinarazi du. Guztira 9,8 milioi euroko diru poltsa bat da, eta aurrekontuetan jasotzen diren proposamenen «egonkortasuna eta proiektu estrategikoen garapena» sustatzea da helburua, aldundiak ohar bidez azaldu duenez.

Proiektu horien artean daude, besteak beste, Mercedesen fabrikazio aurreratuko fabrika berria, BCC Basque Culinary Centerren ardoaren campusa, ardoaren ibilbidearen sustapen turistikoa, Miñaoko parke teknologikorako bidegorria, Manzanoseko oinezkoen pasabidea, gizarteratzeko eguneko zentroa, mugikortasun jasangarriaren plana eta konpostaje planta berria.

Batzar Nagusietara bidaliko du araua, alderdien ekarpenak jaso eta onartzeko. Hain zuzen ere, abenduan izan ez zuten beste talde baten babesa beharko dute jeltzaleek eta sozialistek aurrera ateratzeko. Ramiro Gonzalezen arabera, jada hasi dituzte elkarrizketak oposizioko taldeekin, eta helburua da «uztaila baino lehen» adostasun bat lortzea. «Gure helburua da ahalik eta adostasun handiena lortzea, egungo erronkei erantzungo dieten proiektuak garatu ahal izateko, Arabaren etorkizunean erabakigarriak izango baitira», adierazi du ahaldun nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.