Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak %8,4 murriztu zituzten iaz berotegi gasen emisioak

Ihoberen behin-behineko datuen arabera, 2023an 1,5 milioi tona gutxiago isuri zituzten hiru lurraldeek orotara, 2022ko datuen aldean.

Bahia de Bizkaiaren zentral termikoa, Zierbenan
Bahia de Bizkaia enpresaren zentral termikoa, Zierbenan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko ekainaren 19a
11:52
Entzun

Berotegi gasen isurketak 17 milioi tona ingurukoak izan ziren 2023an, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen kudeaketarako sozietate publikoak aurreratu duenez. Datuak behin-behinekoak dira, eta urte amaierarako espero dira zehatzagoak, doikuntza estatistikoak egin ostean. Dena den, joeren inguruko iritzia eman du gaur Jaurlaritzak ohar bidez, eta adierazi du «aurreikuspen datuak berriz ere positiboak» direla. «Euskadik isurketak murrizten jarraitzen du, ekonomiak hazten jarraitzen duen bitartean». Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG bateratua %1,8 handitu zen iaz.

Gobernuak nabarmendu duenez, emisio murrizketa bat dator Eusko Legebiltzarrak otsailean onartu zuen energia trantsiziorako eta klima aldaketarako legearekin. Hark ezartzen du isurketak %33 murriztu beharko direla 2030erako, 1990eko datuen aldean. Ihoberen behin-behineko datuek erakusten dute helburua lortzeko erdibidean dela Jaurlaritza. Aurreikuspenak dioenez, emisioak %18 murriztu baitziren iaz, 1990eko kopuruekin alderatuta. Europako Batasunaren murrizketaren azpitik dago datua. Batasunak %31 murriztu zituen bere emisioak 2022an, 1990ekoekin alderatuta.

Sektoreka, energiak izan du murrizketarik handiena: %26koa, 2022ko datuen aldean. Jaurlaritzak azaldu du jaitsiera nabarmen horren arrazoi nagusiak direla ziklo konbinatuaren bidezko elektrizitatearen ekoizpena murriztu izana eta energiaren balioa Ukrainako gerrak eragindako energia krisiaren aurreko kopuruetara itzuli izana.

Ihobek emisio murrizketa esanguratsua iragarri du etxebizitzen sektorean ere (%18), eta jaitsiera apalagoak zerbitzuetan (%5), industrian (%3), hondakinen kudeaketan (%1) eta garraioan (%1). Aldiz, nekazaritzan %4 handitu dira isurketak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, garraioa da berotegi gas gehien askatzen duen sektorea. Ihoberen behin betiko datuei erreparatuz gero —2022koak dira—, garraioari dagokio kopuru osoaren heren bat baino gehiago (%36). Beste heren bat energiaren eraldaketarako jarduerak (%34) sortzen du, eta ia bosten bat industriak (%18). Isurketen gainerako %12 etxebizitzek (%4), nekazaritzak (%3), hondakinek (%3) eta zerbitzuek (%2) osatzen dute.

Horrenbestez, energia sektorearen murrizketa eragin handikoa da hiru lurraldeetan isurtzen diren berotegi gasen kopuru osoan. Aldiz, jaitsiera askoz ere apalagoa izan da berotegi gas gehien askatzen duten beste bi sektoreetan: industrian eta garraioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.