Araba, jokaleku erabakigarria

Datorren apirilaren 21eko hauteskundeetan funtsezkoa izango da Araba, inkesten arabera bertan espero baita lehiarik estuena, EAJren eta EH Bilduren artean bereziki.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, artxiboko irudi baten. LUKA PORTILLO / FOKU
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, artxiboko irudi baten. LUKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Datorren apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako bozak inoizko estuenak izango dira, orain arte egin diren inkestek aurreratu dutenez. Baina lehia hori bereziki Araban islatuko da, jokaleku erabakigarria izango baita, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren aldean. Litekeena da Arabako emaitzak erabakigarriak izatea Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren balantzak alde batera edo bestera egin dezan. EITB Focusen azken inkestaren arabera, zortzina eserleku eskuratuko dituzte EAJk eta EH Bilduk, baina EH Bilduk lortu du boto gehien lehen aldiz: botoen %31,3.

Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Araban ere 25 legebiltzarkide hautatuko dira, nahiz eta populazioz nabarmen jende gutxiago bizi den herrialdean. Araban, 250.000 lagunek baino gehiagok eman dezakete bozka; Gipuzkoan, berriz, 500.000 baino gehiagok; eta Bizkaian, ia milioi batek. Beraz: arabar baten erabakiak, adibidez, gipuzkoar batenak halako bi eta bizkaitar batenak halako lau balio du. Ondorioz, Araban ordezkari bat lortzeko behar den boto kopurua ere nabarmen txikiagoa da. Horrek are gehiago estutzen du lehia. 

Araban, aukera guztiak zabalik daude. «Bost punturen aldea baino ez dago bi alderdien artean. Oso txikia da. Horrek ziurgabetasuna areagotzen du», azaldu du Mikel Gonzalez politologoak. Haren ustez, aintzat hartu beharrekoa da azken hauteskunde zikloetan zer joera izan duten bi alderdiek. Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, EH Bildu bozkatu zuten gehien Gasteizen, eta EAJrengandik mila botora geratu zen Araban. Joera horiek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ere izan zuten segida, bozak PSE-EEk irabazi bazituen ere.

Emaitza horiek boto transferentzian izan dezaketen eragina ere kontuan hartu beharrekoa da, Gonzalezen iritziz. «Gaur egun, EH Bildu da gainerako alderdietatik boto emaileak bereganatzen ari den indar nagusia. Hain zuzen, udal eta foru hauteskundeetan, EH Bilduk izan zuen gorakadaren arrazoietako bat EAJren beherakada izan zen, nahiz eta jeltzaleek galdu zituzten boto emaile gehienek abstentziora jo zuten». Halaber, Espainiako ezkerreko alderdien boto emaileak zer hautu egiten duten ikusi beharko da, funtsezkoak izango dira eta: «Podemos-Sumarrek 4.000 boto galdu zituzten iaz; gehienek abstentziora jo zuten. Ikusteko dago boto horiek EH Bildura, EAJra edo PSE-EEra joango diren».

«Podemos-Sumarrek 4.000 boto galdu zituzten iaz; gehienek abstentziora jo zuten. Ikusteko dago boto horiek EH Bildura, EAJra edo PSE-EEra joango diren». 

MIKEL GONZALEZ Politologoa

Boto transferentziaren arrazoi nagusietako bat Arabako gizartea aldatu izana da, Gonzalezek azaldu duenez. «Baby boom-aren belaunaldiak baino, haien ondorengoek pisu handiagoa dute egungo gizartean. Kulturalki langile klasearekin identifikatzen dira gehienak, baina gurasoak euskaldunago sentitzen dira; beraz, EAJk eta EH Bilduk boto emaileak lortzeko aukera gehiago dute, eta horretan ari direla esango nuke».

Gonzalezek iritzi dionez, millennial deituriko belaunaldikoak, 25-45 urte arteko boto emaileak alegia, ez dira aurrekoak bezain «leialak» alderdiekiko. «Ez dira alderdi edo sigla batzuekin identifikatzen. Gehiago identifikatzen dira pertsonekin, balio batzuekin, edo emozioekin. Eta, beraz, botoa ez da horren ideologikoa; aldakorragoa da». Politologoaren arabera, horrek «orain arte ikusi gabeko» boto aldaketa bat eragin du.

Gizarte gaiak, funtsezkoak

Aspaldi hasitako kanpainaurreak argi islatu du arlo sozialeko gaiek ardaztuko dutela hauteskunde kanpainako eztabaida ere. Zerbitzu publikoen kudeaketa, etxebizitza politika, enplegua, zaintza eredua eta beste eduki sozial batzuk ekarri dituzte hizpidera alderdiek, eta uste du koalizio subiranistari on egiten diola horrek: «Ezkerreko diskurtsoaren aldeko joera nagusitzen ari da, eta hori mesede zaio EH Bilduri, hark baitu aukera gehien aldaketa bat eragiteko».

Eusko Jaurlaritzaren otsaileko Soziometroaren arabera, enplegua, osasuna eta etxebizitza dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak. Eta, hain zuzen ere, Gonzalezek uste du Araban ere gai horiek direla aintzat hartu beharrekoak. Iritzi dio enpleguarena bereziki garrantzitsua izango dela arestian aipatutako millennial belaunaldiko boto emaileak erakartzeko. «Dezepzionatuta sentitzen dira sortu ziren itxaropenekin. 2008ko krisiak haien espektatiba guztiak birrindu zituen, eta, orain, deskontentu hori alderdi tradizionalen aurkako arbuioan islatzen ari dira».

«Ezkerreko diskurtsoaren aldeko joera nagusitzen ari da, eta hori mesede zaio EH Bilduri, hark baitu aukera gehien aldaketa bat eragiteko». 

MIKEL GONZALEZ Politologoa

Arlo sozialeko gaiez harago, hautagaiek ere zeresana izango dutela uste du Gonzalezek. Izan ere, aurten lehenbiziko aldia izango da EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandiano Arabako zerrendaburua izango dela, bizkaitarra izan arren. Aldiz, EAJren lehendakarigai Imanol Pradales Bizkaiko zerrendaburua izango da, azken bi hauteskundeetan jeltzaleen hautagai nagusi Iñigo Urkullu Araban aurkeztu bada ere.

Gonzalezek uste du EH Bilduk azken hauteskunde zikloetako joera baliatu nahi duela izendapen horrekin: «Boto emaileak mobilizatzeko estrategia bat da». Pradalesi dagokionez, ordea, iritzi dio haren profila «bizkaitarregia» dela, eta litekeena dela Araban «gustuko» ez izatea. Nolanahi ere, uste du jeltzaleek Joseba Diez Antxustegiren alde egin izana ez dela hautu okerra: «Gaztea da, nahiko ezaguna Araban, eta esango nuke lehiakide sendoa dela». 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.