Larunbatean urtebete beteko da espetxe eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zenetik. Egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelen ardura Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren esku dago, eta Beatriz Artolazabal sailburua arduratu da lehen balantzea egiteaz. Adierazi du legealdi bat baino gehiago beharko dela «euskal espetxe eredua» ezartzeko, baina gehitu du dagoeneko urratsak egin dituztela, besteak beste erdi askatasuneko erregimenak sustatzeko. Halere, presoek pauso gehiago eskatu dizkiete erakunde publikoei.
Espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku dagoenetik, kartzeletako zaintza batzordeek 457 presori onartu diete hirugarren gradura aldatzea. Horrek erdi askatasuneko erregimenak «areagotzeko» asmoei erantzuten die, Artolazabalen esanetan: «Helburutzat jarri genuen %40ko langatik oso gertu gaude».
Jaurlaritzak, baina, bestelako urratsen berri ere eman du. Euskadiko espetxe eredua eraikitzen txostenean bildu ditu guztiak, eta horietako zenbait nabarmendu ditu Artolazabalek. Besteak beste, Martuteneko espetxean muntatutako amentzako unitatearen berri eman du, eta aldaketak iragarri ditu adingabeen eta preso dauden gurasoen arteko komunikazioetan: «Agindua eman dugu adingabeen eta gurasoen arteko ahozko komunikazioak familia eta bizikidetza bisitetara zuzendutako lekuetan egin daitezen, kristalezko hormarik gabe».
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gainerako sailekin elkarlana areagotu duela ere azaldu du sailburuak, batez ere Osasun Sailarekin. Hala nola suizidioei aurre hartzeko programa bat abiatu dute Zaballan, eta azaldu du laster ezarri nahi dutela Basaurin eta Martutenen ere. Gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoentzat, berriz, erdi askatasuna lortzeko etxebizitza baliabideak eskainiko dituztela jakinarazi du.
Aukerak gizarteratzeko euskal agentziaren inguruko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Egun, 331 lagun ari dira lanean hark sustatutako programetan, eta beste 150 harekin hitzarmenen bat duten beste bederatzi enpresetan. Hirugarren sektoreko eragileekin bestelako hitzarmen batzuk egiteko asmoz, berriz, iragarri du 2022-2023ko aldian 6,2 milioi euro bideratuko dituztela haiek sustatutako jardueretara: besteak beste, dependentzia, lana, gizarteratzea, justizia errestauratiboa eta osasun mentala lantzeko egitasmoetara. Iaz, 500.000 eurokoa izan zen horretarako aurrekontua.
Aurrera begirako lanen artean, berriz, Artolazabalek adierazi du «biktimekin eta biktimarioekin lantegiak» egiteari ekingo diotela datozen hilabeteetan, Justizia Errestauratiboaren Estrategiaren barruan. Espetxe Erakundeetako Azpiegituren plan estrategikoa idazten ere hasiko dira, eta politika publikoak espetxe sisteman ezartzeko eta Osasun Mentaleko Estrategia berri bat martxan jartzeko urratsak egiten.
Zaballako presoen iritzia ez da Jaurlaritzako kideena bezain optimista. Ekitaldian hitza hartu duten bi kideek adierazi dute eskumen aldaketa «ilusio handiarekin» hartu arren ez dutela aldaketa handirik sumatu beren egunerokoan. Formakuntzarako aukera gehiago eskatu dituzte, baita tratamendu mediko eta psikologiko egokiak jasotzeko erraztasunak ere. Hala, espetxeko langileen lana eskertzearekin batera, erakunde publikoen «erantzun falta» ere salatu dute: «Langileak falta dira».
Txostenak oinarri
Sailburuak aipamen bat egin die euskal presoei ere. «Ez dit ihes egin lekualdaketek eta gradu progresioek duten oihartzun mediatikoak», adierazi du, eta txarretsi du horien inguruko eztabaidan «interes alderdikoiak» gailentzen direla: «Ez dute zentzurik salbuespenek. Ez dago tratamendu kolektiborik. Presoek ez dute inolako onura edo kalterik jasoko euskal espetxeetan». Hala, azaldu du Jaurlaritzak «ETArekin lotutako» 25 preso hirugarren gradura aldatzearen alde egin duela, tratamendu batzordeen «banakako txosten profesionaletan» eta presoekin lan egiten dutenen txostenetan oinarrituta.
Gradu aldaketa horietako batzuk atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Halere, sailburuak adierazi du sailak harreman «arina eta jarraitua» duela EAEko Auzitegiko eta Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaitegiekin.
Era berean, azaldu du euskal herriratzeak presoen «sustraitzean» oinarrituta onartzen edo baztertzen direla. Izan ere, Artolazabalek berak aitortu zuen bost euskal preso euskal herriratzeari uko egin ziola Jaurlaritzak, «sustraitzerik» ez dutela argudiatuta.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan presoen laurdenak hirugarren graduan daude
Eusko Jaurlaritzak graduz aldatutako 457 presoetatik 25 «ETArekin lotuta» kartzelatutakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu