Araba, Bizkai eta Gipuzkoako LHko hamar eskolatik zortzitan debekatu dituzte sakelako telefonoak

Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuen erabakia. LHn ikastetxe publiko gehiagok egin dute debekuaren alde itunpekoek baino; gainerako etapetan, alderantziz.

Haur batzuk ordenagailuekin ikasten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Haur batzuk ordenagailuekin ikasten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko martxoaren 10a
12:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Eskoletan sakelako telefonoak baimendu ala ez. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzaren gain utzi zuen erabakia. Datuak, orain arte, ez ziren publikoak; EH Bilduk galdegin ditu Eusko Legebiltzarrean. Eta zera izan da emaitza: Lehen Hezkuntzan, %83k debekatu egin dituzte, eta %14k, berriz, onartu, baina helburu pedagogikoetarako soilik.

Aspalditxoan piztuta dago eztabaida: eskuko telefonoak ikasgeletan bai edo ez, txangoetan bai edo ez, helburu pedagogikoetarako erabili ote daitezkeen, zer adinetatik aurrera ote diren balekoak... Altxa Burua mugimendua ere bizi-bizi dago, eta behin baino gehiagotan egin izan dute debekuaren alde; Eusko Legebiltzarrean ere egin dituzte saioak eta eztabaidak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain urtebete egin zuen auziari buruzko agerraldia, eta ez zuen ez arre, ez iso egin: ikastetxeei beraiei eskatu zieten urte bukaerarako gailuen erabilera arautzeko.

Eta orain iritsi dira horren emaitzak. Hezkuntza Sailaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe gehien-gehienek arautu dute sakelako telefonoen eta erloju adimendunen erabilera: %98,95ek; falta diren gutxi horiek helduen hezkuntzako zentroak eta Hizkuntza Eskola Ofizialak dira. Jaurlaritzak nabarmendu du hitza eman zaiola komunitateari. Esaterako, eskola publikoetan, hamar familiatik seik parte hartu dute, baita hamar ikasletik hiruk ere.

%14

 

Helburu pedagogikoarekin. Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %14k sakelako telefonoak eta erloju adimenduak erabiltzea baimendu dute, baina helburu pedagogikoarekin soilik.

Emaitzei dagokienez, Lehen Hezkuntzan, debekuaren aldeko joera nagusitu da: %83k eskolako eremu osoan debekatu dute, erabat; %14k, berriz, erabilera pedagogikorako onartu dituzte, horretarako baino ez. Itunpeko sarean publikoan baino laxoago aritu dira. Ikastetxe publikoetan, hamarretik bederatzik erabateko debekua ezarri dute, eta hamarretik batek onartu du helburu pedagogikoetarako. Jarduera osagarrietarako, ikastetxe bakarrean baimendu dituzte, eta eskolaz kanpokoetarako, hirutan. Itunpeko ikastetxeen, berriz, %72k ezarri dute erabateko debekua; %25etan helburu pedagogikoekin erabili dituzte; bost ikastetxetan baimenduta egongo dira jarduera osagarrietan; eta bostetan eskolaz kanpoko jardueretan erabiltzeko aukera izango dute.

Hurrengo etapetan, lausoago

Etapetan aurrera egin ahala, gero eta ikastetxe gutxiagok egin dute erabateko debekuaren alde. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan, eskola publikoen %36k jarduera guztietarako erabateko debekua ezarri dute; %53k eskola orduetan erabiltzea debekatzen dute, baina helburu pedagogikoekin erabiltzea baimentzen dute. Itunpeko eskolen kasuan, %47k jarduera guztietan erabateko debekua ezarri dute, eta %37k helburu pedagogikoetarako erabilera baimendu dute eskola orduetan. Eskola batzuetan zein besteetan, %10 inguruk baimendu dute eskola orduetatik kanpo erabiltzea. DBHko hirugarren eta laugarren mailetan, berriz, ikastetxe publikoen %28k eta itunpekoen %38k jarri dute erabateko debekua eta, hurrenez hurren, %51k eta %39k helburu pedagogikoekin soilik erabiltzea baimendu dute.

Ikasle nagusiagoen kasuan, Batxilergoan, ikastetxe publikoen %23k debekatu dute sakelako telefonoak eta erloju adimendunak erabiltzea, eta eskoletan %44tan helburu pedagogikoetarako baino ez dituzte erabiliko. Itunpeko ikastetxeetan, %29k jarduera guztietan erabateko debekua ezarri dute, eta %23k eskola orduetan helburu pedagogikoetarako erabiltzea baimendu dute.

Lanbide Heziketan, berriz, bazterrekoa da debekua: ikastetxe publikoen %4k eta itunpekoen %12k debekatu dituzte jarduera guztietarako. Bestalde, zentro publikoen %65ek eta itunpekoen %30ek eskoletan helburu pedagogikoekin erabiltzea soilik baimendu dute.

Langileena ere bai

Ikastetxe den-denek arautu dute ikasleen erabilera, noiz daukaten baimenduta gailuak erabiltzea eta noiz ez. Zenbait ikastetxetan, gainera, langileen jarduna ere arautu dute. Hain zuzen, ikastetxeen %39k irakasleen erabilera arautu dute, eta %24k, gainerako langileena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.