Hezkuntza

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako matrikulazioa %5,3 igo da urtebetean

49.000 ikasleetatik %52,7 arituko dira B edo D ereduan. Hamar ikasletik lau modalitate dualean arituko dira, ikasten eta lanean.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, gaur, Donostiako Easo Politeknikoa eskolan. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 15a
12:51
Entzun

«Lanbide Heziketak eraldaketa handia bizi izan du bere sorreratik, eta, bereziki, azken urte hauetan». Lanbide Heziketak dituen abantailak goraipatu ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ikasturte hasieraren harira Donostiako Easo Politeknikoa ikastetxera egin duten bisitan, eta «prestigioa» irabazi duela nabarmendu du. Ondorioz, gero eta ikasle gehiagok jotzen dute ikasketa horietara. Behin behineko datuak eskuan —urriaren 13an amaituko da matrikulazioa—, aurreko ikasturtean baino %5,3 ikasle gehiagok aukeratu dituzte ikasketa horiek. Urkullurekin batera, Easo Politeknikoan izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea.

Zenbait gela eta tailer bisitatu ostean, Urkuluk hartu du hitza. Lanbide Heziketaren inguruko hainbat datu emateko probestu du saioa. Hasteko, argazki orokorra egin du: 2023-2024ko ikasturtean, 49.200 ikaslek ikasiko dute Lanbide Heziketa —ez da behin betiko datua—, pasa den ikasturtean baino %5,3 gehiagok. Lehenengo mailako ikasleei soilik erreparatuta, igoera %9,1ekoa da. Etengabe hazteko joera erakusten ari dira: duela zortzi urtetik  %30,1 igo da eskaria.

Datu orokorretatik harago, xehetasunetara ere jo dute. 49.000 ikasle horietatik %65 gizonak dira eta %35 emakumeak. Aldea dago sektore batetik bestera: osasunean eta arlo soziosanitarioan, %77,8 emakumeak dira; aldiz, industria arloan, %12. Halere, azaldu duenez, azken urteetan %34,6 hazi da emakumeen matrikulazioa azken sektore horretan.

Hizkuntzari dagokionean, %52,7k B eta D ereduetan ikasiko dute, aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok; aldiz, %47,3 gazteleraz arituko dira, A ereduan. Ez dago modurik jakiteko euskara hutsezko D ereduan zenbat ikaslek ikasiko duten, ez dituztelako datuak banatuta eman.

Eta ikasketa ereduari erreparatuta, pisua irabazten ari da modalitate duala. Hau da, ikasleek ordu batzuk eskolan pasatzen dituzte, eta beste batzuk, enpresa batean. Aurten, ikasleen %40,3 arituko dira modalitate horretan.

Emaitzak agerian

Azken urteetan Lanbide Heziketan egiten ari diren lana fruitua ematen ari da. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasketa horien enpleagagarritasuna %89koa da batez beste, eta ziklo «askotan» %100era iristen dira.

Unibertsitatearekiko lotura ere ari dira bultzatzen: «Lanbide Heziketaren eta unibertsitate graduen arteko konbinazioa sustatzen jarraitzen da». Azaldu dutenez, goi mailako 75 heziketa ziklok unibertsitateko 59 gradutarako «lotura bideak» eskaintzen dituzte. Lotura horien bidez, ikasketak dituztenei unibertsitateko kredituak aitortzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.