Eusko Jaurlaritzak lau urtean behin egiten du Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkesta, eta gaur aurkeztu du azkena, hots, 2023ko datuekin ondutakoa— 2010ean, 2014an eta 2018an egin zituen aurrekoak—. Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotakoak hartzen ditu kontuan inkestak, eta, hortaz, Ipar Euskal Herrian jaiotakoak jatorri atzerritarreko herritartzat jotzen ditu. Inkestatik ondorioztatzen denez, azken bost urteetan migrazioak gora egin du nabarmen, jatorri atzerritara duten hamar herritarretik seik lana daukate, eta hamarretik bederatzik adierazten dute euren bizi proiektua Euskal Herrian garatzeko asmoa dutela.
Atzerrian jaio eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarren inguruko «argazki finkoa» eskaintzen du inkestak, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak azaldu duenez. Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak lagunduta aurkeztu ditu inkestaren datuak, Gasteizen, eta, azaldu duenez, jatorri atzerritarreko herritarren bizi baldintzak ezagutzeko eta aztertzeko era ematen du lanak, «ikuspegi objektibo» batekin eta aurreiritziak alboratuta.
Datuak gorabehera, jatorri atzerritarreko pertsonen ezaugarriak ezagutzeko parada ematen du lanak: besteak beste, pertsona horien adinaz, bizimoduaz, lan egoeraz, formazioaz edota erabiltzen duten hizkuntzaz aski informazio xehea eskaintzen du.
277.564
Jatorri atzerritarreko biztanleak 2023an. EAEn jatorri atzerritarra duten 277.564 bizi ziren iaz, biztanleria osoaren %12,6.
Hala, hainbat datu eman ditu argitara txostenak. Migranteen kopuruari dagokionez, nabarmen egin du gora, batez ere azken bost urteetan. EAEn jatorri atzerritarra duten 277.564 bizi ziren iaz, biztanleria osoaren %12,6, eta kopuru hori handituz joan da urtez urte: 2010ean 179.582 ziren (%8,2), 2014an 195.245 (%9) eta 2018an 211.208 (%9,7). Pertsona horien jatorriari dagokionez, ia erdiak Latinoamerikakoak dira (%49,8), eta hamarretik ia hiru Afrikakoak (%26,2).
Atzerrian jaio eta EAEn bizi diren hamar biztanletik sei (%62,6) lanean ari ziren iaz: 132.409 pertsona, denera. Inkesta egiten hasi zenetik egon den okupazio tasarik handiena dela azpimarratu du Legarretak. Horra datuak: 2010ean %52,1 lanean zeuden, 2014an %48,4, eta 2018an %19,5. Lanean ari diren atzerritar jatorriko biztanle gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten dute— %73,6k—, eta batez ere kualifikatutako eta erdi-kualifikatutako langileak dira —%58,5— .
«Feminizatua» eta gaztea
Gainera, azken urteetan «feminizatu» egin da jatorri atzerritarreko kolektiboa, Legarretak nabarmendu duenez. Zehazki, atzerrian jaiotako biztanleen erdiak —%52,2— emakumeak dira. Jatorrizko herrialdearen arabera, baina, badira aldeak: adibidez, Latinoamerikan jaiotako biztanleen artean, ia hamarretik sei dira emakumeak (%59), eta Senegaldik (Afrika) etorritakoen artean, berriz, soilik hamarretik hiru (%28,4).
%62,6
Enplegu tasa. Atzerrian jaio eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren hamar biztanletik sei (%62,6) lanean ari ziren iaz: 132.409 pertsona, denera. 2010ean %52,1 lanean zeuden, 2014an %48,4, eta 2018an %19,5.
Gazteak dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara bizitzera etorritako gehienak. Hamar migratzailetik lauk 25-44 urte dituzte, eta %30,6k 25 urte baino gutxiago dituzte. Atzerritar jatorria duten herritarren «zahartze progresibo bat» ere agerian uzten du azken inkestak, Legarretak nabarmendu duenez. Izan ere, 2010ean aztertutako biztanleriaren %19 baino ez zen 45 urtetik gorakoa, eta orain, berriz, %31 da.
Jatorri atzerritarreko pertsonen prestakuntza eta ikasketa maila hobetzen ari dela agerian uzten du inkestak, era berean. Hala ere, 16 urtetik gorako atzerritar jatorriko lau pertsonatik hiruk (%76,1) ez dute ikasketa kualifikaturik. Ikasketarik gabeko pertsonak %14,3 dira, %18,7k lehen mailako ikasketak egin dituzte, eta %43,1ek kualifikatu gabeko lehen mailako ikasketak egin dituzte.
Bizileku baimena
Egoera admnistratiboari dagokionez, herenek baino gehiagok, (%37k) Espainiako nazionalitatea eskuratu dute, eta %0,1 baino ez dira bizi Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon gabe. Gainera, atzerritar jatorriko biztanleen %7,9k ez dute bizileku baimenik.
Eskolan integratzeko arazoez ere galdetu diete inkestatuei, eta ia bostetik batek (%19) erantzun dute eskolan integratzeko arazo motaren bat izan dutela. «Inoizko batezbestekorik handiena da», Legarretak nabarmendu duenez. Izan ere, gora egin du erantzun hori eman dutenen kopurua azken urteotan: 2018an, esaterako, %13k aitortu zuten eskolan integratzeko arazoren bat zutela.
Etxean erabiltzen duten hizkuntzaz ere datuak jaso ditu inkestak. Gaztelaniaz hitz egiten dute, alde handiz, jatorri atzerritarreko herritar gehienek; hala egiten dute %58,5ek. % 2,1ek, berriz, etxean euskara ere erabiltzen dutela diote.
Bestalde, inkestatutako ia herritar guztiek esan dute EAEn bizitzeko asmoa dutela, gutxienez, datozen bost urtetan; hala adierazi dute %95,8k. Hasieran, baina, erdiak baino gutxiago etorri ziren helburu horrekin, baina hamarretik ia bederatzik erabaki dute beren bizi proiektua EAEn garatzea (%89).
%58,5
Etxean gaztelera erabiltzen dute. Jatorri atzerritarreko herritarren gehiengoak gazteleraz hitz egiten dute: hala egiten dute inkestatuen %58,5ek. % 2,1ek, berriz, etxean euskara ere erabiltzen dutela diote.